Angel Erro.
JIRA

Guraso bere kasakoak

2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Nola ulertzen dudan Boris Johnson! Nire aitak ere, ni britaniar lehen ministroa banintz eta brexit-aren bultzatzaileetako bat, frantses nazionalitatea eskatuko luke, Europarekin harremanak moztu eta hurrengo egunean Boris Johnsonen aitak egin duen bezalaxe.

Aita-ama hiltzearena ez dago oso modan. Gurasoen mundu ikuskerarekin moztearena, alegia. Euskal Herrian batez ere. Oraintsu arte behintzat. Gurasoek eta seme-alabek musika bera maite izaten dute, helburu berdintsuak izaten dituzte. Beñat Sarasolak zera esaten du Gure belaunaldia izeneko poeman: «Ezin izan ditugu gurasoak akabatu; etxetik alde egin, komuna hippie batera joan. Gure gurasoek ulertu egin nahi izan gaituzte, eurek lotutako txirriak erre ditugu, gure alde jarri, gure bandora pasa dira. (...) Jolasak egin ditugu, drogen inguruan mintzatu gara, larrutan egiten irakatsi digute ia».

Beharbada, gizaki guztiz libreak izateko azken pausoa inoiz emanen ez dugula jakinda, horretan ere iniziatiba hartzen ari dira gure aurretikoak, seme-alabak sinbolikoki hilda, gutaz arnegatuta nolabait, gogoaren zilbor-hestea ebakita, tupper horniketa etenda, Benidormera joanda bizitzera edo, semea barregarri utzita, frantses hiritartasuna hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.