Angel Erro.
JIRA

Sekretu ofizialak

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez esan kontzeptu bitxia ez denik. Estatu guztiek bere sekretuak ba omen dituzte. Hala behar omen da. Sekretu batzuk agerikoak dira eta ahoz aho ibiltzen dira. Halere, nekez desklasifikatzen dituzte. Herrialde batzuetan, demokratikoenetan, nolabait esateko, sekretu ofizialen legea egoten da, arrazoizko epeak ezarrita, normalean belaunaldi bat edo bi igarota isilpeko txosten horiek irekian paratzeko, ikerlariek eskuragarri izan ditzaten. Demagun estatuek sekretuak behar dituztela; beharrezkoagoa da, baina, egia. Baina egia ez dago modan. Ez ohi da erabilgarria izaten. Agian horregatik askok ere ez dute presarik sekretu ofizialak desekretutzen. Iragana itxi gabe mantenduta.

Egunotan irakurri dut Espainiak Argentinako diktadurari buruz dituen agiri gordeak desklasifikatzeko konpromisoa hartu duela. Batek daki hortik zer aterako den. Zenbat delitu preskribatuta. Erraz onartzen ditugu halako konplizitateak. Azkenean ez delako ez dakigun ezer. Pedro Sanchezek, hala ere, ez du zirkinik eginen etxeko sekretuak alfonbratik kanpo ateratzeko. Horituta egonen dira dagoeneko GALi buruzko agiriak edo Zabalzari buruzkoak. Berez ongi dakizkigun hainbeste kontu eta beharbada susmatu ere ez ditugun beste hainbeste ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.