Angel Erro.
JIRA

Gaitzerdi pare bat

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Aste honetako egun batean eguzkiari itzuli osoa eman diot alehungarrenez. Data buruz dakiten senide eta lagun batzuk alde batera, enpresek baino ez didate efemeridea zoriondu mezu automatizatuen bidez (aspaldian kendu nuen sorteguna sare sozialetatik, ohartuta zoriondu izanaren pozak baino gehiago asetzen ninduela zoriondu ez izatearen erretxin eztiak). Alsak, Bookingek, Elkarrek... Batzuek deskontu bonua eskaini eta guzti, haien produktuetan gastatzekoa, opari. Opari guztiek gastua dakarte, lehenago edo beranduago; beraz, gaitz erdi.

Makinen adeitasunaz hausnartzeko parada ere eman dit. Batzuetan harritu ere egiten gara, formalitateak hainbeste laxatu diren honetan, nonbaitera iritsita ongietorria edo eskerrak ematen dizkigutelako hutsik egin gabe. Makinen betebeharretako bat gu nor sentiaraztea da, dudarik ez, gure gizatasuna kilikatzea. Izen paradoxikoko Cogito enpresak adimen artifizial bat garatu omen du, leitu dudanez, makinek gizakiei erakuts diezaieten enpatikoago izaten. Notiziak badu bere ifrentzua. Call center-etako telefonistei zuzendutako programa bat da, eroslea enpatia hura sentitu eta erostera bultzatzeko. Adeitasuna, lehenago edo beranduago, kobratu egiten da beti; beraz, gaitz erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.