Angel Erro.
JIRA

Norabidea

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Orain egun batzuk, ETB1 jarrita neukan, afaria prestatu artean, bertan ematen duten kultur gomendioen saio laburra hasi zenean. Hiru kultur eragile ari ziren liburu, disko eta filmen aipamenak eginez, guztiak suarekin zerikusia zutenak. Telebistari bizkarra emanda nengoen eta burua beste nonbait. Halere, hausnarketa batek burua eta arreta birarazi zidan. Arantza Santesteban zen, aspaldiko film batean desioa nola adierazten zen, zeinen aurreratu, zeinen gaurreguneko, goraipatzen ari zen. Jarraian gogoeta egin zuen: oker gaude historiaren norabidea progresio moduan ulertuta, denborak aurrera egin ahala eskubideetan, askatasunetan, aurrera egitea dela uste badugu. Buruz ari naiz aipatzen.

Ez zen nik lehenagotik ez nekien ezer. Historiaz pixka bat dakienak hala dela egiazta dezake. Gaur egun eskubideetan, askatasunetan, atzera egiten ari garelako iritzi orokorrarekin ere bat dator.

Gogoetaz gogoratu naiz Iruñeko Kale Nagusian iruinxeme jator bat eta arabieraz ari zen ama-alaba bat elkarren ondoan ikusi ditudanean. Susmatu dut iruindarraren buruan «holakorik hemen noiz» bat agertu zaiola, baina Iruñeko historiaz jakinez gero ez luke harritu behar: oker dago bestela uste duena. Historiak joan-etorriko norabideak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.