Angel Erro.
JIRA

Hiztun ona

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Beldurra diet, beldur salatzailea, hiztun onei. Hitz edo esapide baten nolakoa hiztegian inoiz kontsultatzen ez dutenei. Hiztegiari begi bazterraz begiratzen diotenei, erdeinuz. Ez hainbeste zerbait segurtasunez adierazten dutenean. Batez ere zerbait segurtasunez gezurtatzen dutenean baizik. Hori gaizki esanda dagoela, erdarakada dela, euskaraz inoiz esan ez dela ziurtatzen dizute, belarrira gaizki jotzen dielako aitzakian, hizkuntza oso bati beren bizialdiko eta eskualdeko eskarmentuaren neurrira ekarri nahian. Beldurra diet hiztun onei gutxitan erreparatzen diotelako edukiari, gutxitan galtzen dutelako denbora zer esaten duzun. Erantzunen dizutenean solasa jendeztatu ohi dute, entzuleei beren burua ere gehituta.

Miresmena diet, miresmen salatzailea, hiztun onei, behin aurreko paragrafoko afruntuak alde batera uzten ditudanean, besteak beste, afruntu hitza zertan erabili ez dutelako. Sintaxiko ateraldi batek maitemin nazake, maitasunean bezala maitagarri gertatzen delako, bestearengan ulertu bai, baina zuregandik berez inoiz sortuko ez zena.

Baina, oro har, zertarako engaina, beldur gehiago diet, miresmena baino, hori horrela ongi esana balego zuetako bakoitzaren herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.