Angel Erro.
JIRA

Gizontto

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bazenekien bazegoela gizonentzako ur marka berezi bat? Liquid death du izena, heriotza likidoa. Horrela, gizontasun ahuleko gizontto bat, egarri bada, kale erdian, mendi puntan edo tabernarako bide mortuan XIX. mendeko alditxar edo ondoez femenino batek hartzetik libra daiteke.

Bazenekien badaudela belarrientzako tapoi maskulinoak ere? Skull screws dute izena, hau da, burezurreko torlojuak. Eta, egiazki, torloju itxura dute, eta kolore grisa. Gizontasun ahuleko gizontto batek, lo arinekoa baldin bada, edo beste gizonkoteek etxe pareko tabernetatik ateratzean egin beharreko makakorro eta ar garrasiek gogaitzen badute, lasai har dezan atseden, ipotxaren tanpoiak diruditen belarri tapoi koloredun afrus horiek erabili gabe.

Bazenekien merkaturatu dutela gizonentzako makillaje marka bat? Ez da betiko marken ohiko azpiatal maskulinoa. Nivea for men bezalakoa. Gogoan duzu iragarkia, futbolista oldarkorrez betea? Amelia Barquinek Kinka bere blogean ederki astindu eta aztertu zuen aspaldi. Oraingoan berariazko marka sortu dute. War paint du izena: Gerra pintura. Orain arte gerra izan da, noski, kamuflatu beharra, ia egoera bakarra aurpegia margotzeko maritxu puta bat izan gabe. Orain arte; beraz, lasai, gizontto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.