Angel Erro.
JIRA

Aztarnak

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Aitona-amonarik ez dut, baina egunotan gogoratu naiz historiak nola markatu zituen. Gerraondoak bizi izan zituzten. Haietako bati fusilatzekoa egin zioten. Bestea libratu zen armadaz. Besteak Francoren alde egin behar izan zuen. Baina, batez ere, elkarrekin izan zuten hartaz ez hitz egiteko bulkada. Orduan gertatutakoa nik harilkatu behar izan dut. Beste aztarna bat ere utzi zien, ageriagoa: gosearekiko tema. Amonak egin ninduen lodi. Atzera begira, jatekoarekin izandako tema ulergarri bihurtzen da. Azkenaldian, lagunekin mintzo, zera ondorioztatu dugu, gerrarik gabe ere oraingo egoerak ere markaren bat utzi beharko duela, ez hainbeste gugan, markagarriagoak omen diren gazteagoengan eta umeengan baizik. Ondorio batzuk aurreratzera ausartu gara. Etorkizuneko helduak gu baino askoz kezkatuago egonen dira higienearekin. Gu (zu eta biok oraindik) ez gara bereziki arduratsuak horretan. Beste kontuetan bai. Intimitatearen galeran, esaterako. Nire adinekoen gurasoez mintzo, askok esan didate 68an gazte izandako gure gurasoak aski arduragabeki aritu direla itxialdian. Ulergarria. Belaunaldi ez-konformista, zaharrak izanda ere. Guk, berriz, errazago makur egin diegu fase guztiei. Kexatzen trebea izan arren, otzana belaunaldi nirea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.