Datu handiak, ongia eta gaizkia

Gatazka sortzen ari dira azken urteotan hirietako paisaia aldatzen dabiltzan Interneteko plataformak: Airbnb, patinete elektriko enpresak, Uber, Glovo... Baina, posible al da 'big data'-n oinarrituriko teknologiak gizartearen onurarako erabiltzea? Baietz erakutsi dute hainbat adituk.
Enaitz Ezpeleta, Roger Warnock, Matthew Claudel eta Stephane Gervais, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan.
Enaitz Ezpeleta, Roger Warnock, Matthew Claudel eta Stephane Gervais, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan. GORKA RUBIO / FOKU

Edu Lartzanguren -

2018ko abenduak 14
Big data teknologia ika-mikaren sinonimoa da azken boladan. Aurrez aurre daude Interneteko plaformetatik lan egiten duten konpainiak, batetik, eta herritarrak, taxilariak, sindikatuak eta udalak, bestetik. Big data-n oinarritzen dituzte zerbitzuak, hau da, datu kopuru handiak prozesatzeko ahalmenean, milaka pertsonaren mugimenduak eta erabakiak denbora errealean jarraitzeko. Baina posible al da teknologia hori gizartearen onurarako erabiltzea? Galderari erantzun diote lau adituk Arrasateko Mondragon Unibertsitatean (Gipuzkoa), Agirre Lehendakaria Centerren ekimenez.

«Denongana heldu da big data, onurekin eta kalteekin», esan du Enaitz Ezpeleta MUko irakasle eta zibersegurtasunean adituak. Interneteko minutu bakoitzean sortzen diren milioika datuak kudeatzearen zientzia da big data, kontua ez baita datu asko izatea, baizik eta jakitea zer egin horiekin. Kalteak bolo-bolo dabiltza: albiste faltsuak, spam-a, Cambridge Analytica konpainiak brexit-ean eta Trumpen kanpainetan izaniko eragina...

Baina onerako ere erabil daitezkeela uste du Ezpeletak. Big data oso interesgarria izan daiteke enpresan, esaterako. Makinak sentsorez betetzen badira, pieza bat hautsi aurretik jakin dezakegu apurtuko dela. Osasungintzan, herritarren datuak gordetzen dira jaiotzen direnetik. Datu horiek erabilita gaitzak aurreikusi ditzakete. Kirolean big data erabiltzen da errendimendua handitzeko. «Erakunde publikoek erabil ditzakete gizartearen pare joateko, edo, ahal bada, aurretik».

Montreal eta Toronto

Big data Montreal hiria hobetzeko erabiltzen dabil Stephane Gervais, McGill unibertsitateko Montreal Ikertzeko Zentroko (CIRM) zientzia koordinatzailea.

Hobeto ulertzen da Gervaisen taldea Quebecen egiten ari den lana, parekatzen bada Google Toronton (Kanada) egiten ari denarekin. Auzo adimenduna eraikitzen ari da han Google, big data-n oinarrituta: sentsore sare baten bidez, hiriaren inguruko informazioa bilduko dute une oro —kutsadura, zarata, jendearen joan-etorriak—. Kritika gogorrak jaso ditu Googlek, hirigintza pribatizatu nahi duelakoan, «datuaren idolatria» egiten duelako, eta herritarren pribatutasuna kolokan jarriko duelako. Montrealgo eredua guztiz kontrakoa dela esan du Gervaisek, teknologia irekian oinarrituko delako. «Hiritarrei itzuli nahi diegu ekimena. Gurea behetik gorakoa da. Gizartea bildu nahi dugu, konpainia handi batek ez esateko guri zer egin behar dugun hiriarekin».

Baina MIT Massachusettseko Teknologia Institutuko Matthew Claudelen arabera, «errazegia» da esatea Google gaiztoa dela. Bostongo (AEB) adituak argi du, edonola ere, Uber, Airbnb eta bestelako hiri teknologiak «desberdintasunak» areagotzea eragin dutela. MITeko Hiri Berrikuntza taldeak Design egitasmoa sortu du: «Ez gara teknologia botatzen hirian, Uberrek bezala, baizik eta herritarrekin lanean». Hainbat adibide jarri ditu: robotak estoldetan sartuta lorturiko datuekin, heroina eta beste opioideen izurriteari aurre egiten ari dira, Bostongo Udalarekin. Adineko jendeak etxeko gela libreak gazteei alokatzeko Nesterly egitasmoa nabarmendu du, eta denda hutsak artistentzako estudio bihurtzeko Spaceus programa.

Auzo eta gizarte zailetan aditua da Belfasteko Roger Warnock. Big Data erabiltzen du indarkeriak kolpaturiko hiriak hobetzen saiatzeko Bytes Project egitasmoan. Erakundeekiko mesfidantzan hamarkada luzez bizi izan diren herritarrak entzuteko Amplify ekinbidea eratu du hirian. «Konfiantza eraikitzeko gakoa hobeto entzutea da. Hor ikusi genuen Big Dataren aukera», esan du. Ikusi dute «portaera antisozialak» jaisten ari direla urtez urte Belfasten, eta big data erabiltzen ari dira jakiteko zergatik, gero horretan laguntzeko. «Zapaldu arin, entzun sakon» da irlandarraren leloa. Big data da belarria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna