Nacho Nuñez. Delteco Gipuzkoa Basketeko presidentea

«Zentzuz eta eskuzabaltasunez joka dezala eskatzen diogu ACBri»

Espainiako Saskibaloi Federazioak igoera berretsi arren, Nacho Nuñezek onartu du lan eskerga egin beharko dutela hurrengo sasoian taldeak ACB ligan lehiatzeko. Ez du baztertu auzitara jotzea.

JOSE USOZ.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
ACB ligako talde indartsuenek ez dute nahi datorren denboraldian 20 taldeko liga bat egotea. Horrek zaildu egin du Delteco Gipuzkoa Basketen igoera berresteko prozesua. Nacho Nuñez presidentearen arabera (Donostia, 1972), txapelketa eredua berritzeko «aukera aparta» galtzen ari da ACB.

Bi aste igaro dira Espainiako Federazioak ACB ligara igoko zinetela baieztatu zuenetik. Orain, ordea, bulegoetan hori berrestea falta zaizue. Nola doa prozesua?

Zertxobait geldo. Federazioaren erabakia jakin eta hiru egunera eskutitz bat bidali genion ACBri, igoeraren erabakiaren berri emanez, eta bete behar genituen baldintzak zeintzuk ziren argitzeko eskatuz. Izan ere, ordu arte ez genuen haien berririk. Ez gintuzten ezta igoeragatik zoriondu ere egin. Oraindik ez dugu erantzunik jaso, baina lanean segitzen dugu aukera desberdinak aztertzen, eta federazioarekin eta Kirol Kontseilu Nagusiarekin hizketan. Luze joango da.

Lasai egotea eta urratsez urrats joatea izango da gakoa?

Liga eten zenetik, bagenekien hau luze joango zela. Federazioaren erabakia iritsi zen arte bi hilabete eta erdi pasatu ziren, eta parte hau ere ez da laburragoa izango. Aurreko denboraldietan uztailaren 15ean izaten zen epemuga igoerak argitzeko, baina orain ez dakigu zer pasatuko den. Lan handia egin beharko dugu datozen sei-zazpi asteetan.

Zertan datza lan hori?

Babesleekin eta erakundeekin hitz egiten ari gara. Baina zalantza asko daude, eta zaila da gauzak zehaztea. Bazkideei ere ezer gutxi argitu diezaiekegu, ez dakigulako Gaskan edo Illunben jokatuko dugun, eta ateak irekita izango den. Bestalde, Marcelo [Nicola entrenatzailea] Italiara joan zen duela egun batzuk, eta aukera desberdinak ari da kontuan hartzen datorren sasoirako talde posible bat osatzeko garaian.

Zuen igoera berresteko ACBk egingo duen lehen gauza diru kontuak ikuskatzea izango da. Hori gainditzeko sekula baino traba gehiago jarriko dizkizuetela uste duzu?

Sekula ez da erraza izan ikuskaritza hori gainditzea. Baina itxaropena dugu, aurreko aldietan gainditzea lortu genuelako. Azken urteetan, gainera, klubaren egoerak hobera egin du, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Baina bakarrik ezingo dugu lortu, eta funtsezkoa izango da erakundeen, babesleen eta bazkideen laguntza etorkizuna bermatzeko.

Erakundeek zer esaten dizuete?

Egoera zein den azaldu diegu, eta hemendik egun gutxira eseriko gara hitz egitera. Argi dago orain lehentasunak beste batzuk direla, eta guk ez dugu arazo bat izan nahi.

Kontu ikuskaritza gaindituta, oso zail izango lukete zuen igoera ez onartzeko.

Ekonomikoki bai. Gainera, federazioaren eta Kirol Kontseilu Nagusiaren babesa ditugu. Baina, aldi berean, ACB liga pribatu bat da, eta edozein erabaki har dezake. Gure igoera onartuko ez balu, indarrean dagoen araudia edo hitzarmena urratuko luke.

Hogei taldeko liga bat nahi ez duten taldeen argudioa da egutegia asko estutuko litzatekeela, eta ekonomikoki ez dela bideragarria. Hori gehien defendatu dutenetako bat Baskoniako presidente Josean Kerejeta da. Zein sentipen eragiten dizu horrek?

Pena, aurkako jarrera argiena hark izan baitu. Baina ez nau ezustean harrapatu. Asko harritu nau ere aurreko sasoiren batean igotzeko trabak jarri zizkieten talde batzuk ere aurka egotea. Dena den, borondate eta gogo kontua da. Nahi izanez gero, konponbide bat aurki daiteke, inor kaltetu gabe. Baina errazena da beste alde batera begiratu, eta klub boteretsuek diotena onartzea.

Nola konbentzitu konponbide hori dagoela?

Saldu nahi izan dute ACBko klub guztiak igoerak egotearen aurka daudela, baina ez da horrela. Hainbat klubetatik deitu digute, babesa azalduz. Ikusi behar da nola topatu konponbide hori. Normala da, datorren denboraldian lau talde jaitsiko direla esanez gero, beheko postuetan borrokan dauden taldeak urduri jartzea, eta igoerak nahi ez izatea. Baina orain arte bezala, bi baldin badira, ez dut uste arazorik izango dutenik 20 taldeko liga bat onartzeko. Goian dauden taldeen kasuan, egutegia asko estutuko ez lukeen txapelketa eredu bat lortuz gero, ez lukete zertan aurka egon. Adibidez, hamar taldeko bi multzo eginez gero, liga erregularrean partida gutxiago egongo lirateke.

Hori proposatzen diezuenean zer esaten dizuete?

Ez dutela nahi. Baina erosotasun kontua da, batez ere talde handien kasuan. Onartezina iruditzen zait talde horiek izatea ACBren etorkizuna baldintzatzen dutenak, haien interes nagusia Euroliga baita. Zentzuz jokatzeko eta talde guztien interesei begiratzeko baino ez diogu eskatzenACBri. Txapelketa eredua berritzeko eta dinamizatzeko beharra du aspalditik, eta aukera paregabea du horretarako.

Federazioaren eta Kirol Kontseilu Nagusiaren bitartekaritza alde izango duzuela uste duzu?

Bai, dudarik gabe. Jada ari dira lan horretan. Kirol Kontseilu Nagusiak eskumen osoa eman zion federazioari ligen inguruan erabakitzeko, eta uste dut ACBk legedia ez badu betetzen, Kirol Kontseilu Nagusiak esku hartuko duela. Hala egin izan du aurrekoetan.

Auzitara jo beharko duzuela uste duzu?

Ez genuke horra iritsi nahi, baina ez dugu baztertzen. ACBk legedia betetzen ez badu, ez dugu beste erremediorik izango. Federazioaren eta Kontseilu Nagusiaren eskutik joango gara. Baina ACBri eskatzen diogu zentzuz eta eskuzabaltasunez jokatzeko

Hala izanez gero, ordea, luze joango litzateke erabakia. Horrek ez zaitu kezkatzen?

Behin-behineko neurriak eskatuko genituzke, eta hor bi aukera lituzke epaileak. Onartu eta txapelketa ez hastea kontua argitu arte, edo ez onartzea. Auziak luze joko luke orduan.

Igoko litzatekeen beste taldeak, Valladolidek, ez dauka ordainduta ACBk eskatzen duen kanona. Gainera, beste hainbat baldintza ez ditu betetzen. Horrek mesede edo kalte egiten dizue?

Alde batetik, kalte egiten digu. Izan ere, baldintzak beteko balitu, eskariak batera egiteko aukera izango genuke. Baina, bestetik, talde bakarra igota, beharbada ACBko kluben jarrera bestelako izango litzateke. Dena den, nik biak igotzea nahiko nuke, egindako denboraldiarekin merezi dugulako.

Azken urteetan taldea mailaz igo eta jaitsi ibili da. ACBn egonkortzeko moduan ikusten duzu orain?

Oso denboraldi txarra egin arren, ACBn egon ginen azken aldian garaipen bakarragatik ez genuen lortu mailari eustea. Aurreko denboraldian izan zen hori. Bi urte hauetan klubaren egoera ez da asko aldatu, eta argi dago igoera lortuz gero sufritu egingo dugula, gure aurrekontua txikienetakoa izango baita. Arriskua hor dago, baina badakigu zein den egoera, eta gure helburua lehiatzea izango da. Hortik aurrera, ikusiko genuke non gauden sailkapenean.

ACB ligan sufritu bainoago, LEBen gozatzea nahiago duten horiei zer esango zenieke?

Garrantzitsuena dela saskibaloiarekin gozatzea, eta talde lehiakor bat izatea. Kategorietatik harago, hori da gure helburua, eta batez ere multzoari egonkortasun bat ematea. Horrek egiten du zaleak erakartzea, eta taldeari atxikitzea.

Zaleak oso gustura daude Gaskan, berriro ere Illunbera itzultzea ez al zaie nekeza egingo?

Argi dago ez dela egokiena.Udala aspalditik ari da hori konpondu nahian, eta guk beti esaten dugu egokiena litzatekeela 5.000-6.000 lagunentzako pabiloi bat izatea.

Gipuzkoarrek nahi al du lurraldean ACBko talde bat egotea, kontuan hartuta Illunbera oso jende gutxi joaten zela?

Bai. Federatuei begira, fitxa gehien duen bigarren kirola da, eta zale asko daude.

Egoera honetan, nola ari da Nicola datorren sasoirako taldea osatzen?

Ez da erraza. Duela aste batzuk ez genekien lehiara itzuli beharko ginen edo ez. Orain, atseden hartzen ari da egun batzuk, eta berandu baino lehen hasiko da lan horretan. Adibidez, ACBra igoz gero,Johnny Deekek eta David Rozitisek kontratua dute gurekin; bestela, libre dira. Halakoek asko baldintzatuko dute merkatuan egin beharko ditugun mugimenduak. Aurreko sasoian talde guztia aldatu genuen, eta helburua da oraingoan bizkarrezurrari eutsi ahal izatea.

Krisi egoera honekin, mailari eusteko aukera gehiago izan ditzakezue?

Argi dago aurrekontuak gehiago parekatuko direla, eta horrek ezinbestean berdintasun eta lehiakortasun handiagoa ekarriko du. LEB liga, adibidez, ACB liga baino dibertigarriagoa da, taldeen aurrekontuen artean aldea ez delako hain handia.

Non ikusten duzu taldea hurrengo sasoian?

Ez dakit. Guk ahal dugun guztia egingo dugu ACBn egoteko, baina ez dago soilik gure esku. Baikor naiz, baina neurrian. Aste batzuk barru argiago ikusiko ditugu gauzak, Baina %51n ACBn egongo garela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.