Irma Iglesias Arran. Tortilla txapelketaren antolatzailea

«Tortillena txapelketa berezia da, denek egin dugulako bat inoiz»

Txapelketa gastronomikoak Aste Nagusiaren ikurra dira. Baina bat gailentzen da, jende gehien biltzen baitu: arrautzopilen lehiaketa. Irma Iglesias Arranek antolatu du, beste konpartsakide batzuekin batera.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aste Nagusian antolatuko diren txapelketa gastronomiko guztien artean, mila lagun inguru batzea espero da. Hala ere, urtero jende gehien biltzen duena tortilla txapelketa da. Aurten, Irma Iglesias Arran (Bilbo, 1972) aritu da lehiaketa antolatzen.

Nolakoa izan behar du tortilla txapelketako txapeldun batek?

Alde batetik, lehiaketaren oinarriak errespetatu behar ditu. Hau da, soilik patata, arrautzak, gatza, olioa eta, nahi izanez gero, tipula erabiltzea. Txapelketaren aurreko aldietan, piperrak edo bestelako gehigarriak jarri ahal ziren, baina aurten erabaki dugu hori alde batera uztea. Aurtengoan, tortilla tradizionala izan nahi genuen bakarrik.

Bestetik, normalean irabazten duten arrautzopilek bertako produktuak erabiltzen dituzte. Hori oso garrantzitsua da, zaporean nabari delako. Erabiltzen den patata eta arrautza kopuruak egokia izan behar du. Horrez gain, polita izan behar du, begiekin jaten dugulako askotan. Eta, noski, zapore ona izan behar du; bikain daudenek bakarrik irabazten dute.

Zergatik da berezia tortillen txapelketa besteen aldean?

Hedatuena eta herrikoiena delako. Lehiaketa gastronomiko honetan kuadrilla guztiek har dezakete parte, eta txikiek lagundu dezakete. Beste plater batzuk egin ahal izateko, sukaldaritzaz zerbait jakin beharra dago, baina arrautzopilarekin ez, denek egin baitugu bat inoiz.

Nondik etortzen da jendea lehiatzera?

Txapelketan ez du soilik Bilboko jendeak parte hartzen. Bizkaiko hainbat herritatik etorri da jendea. Izena eman dutenen artean Santanderko eta Errioxako [Espainia] jendea izan dugu. Gainera, beti daude Aste Nagusira etorri diren lagun talde batzuk, giroa hainbeste gustatu zaiena non txapelketan parte hartzera animatzen diren.

Zelako giroa nabaritu duzu?

Giroa bikaina da urtero, eta aurten, eguraldiak lagundu duenez, askoz gehiago. Eguneroko lehiaketetan giro oso ona egoten da, baina, oraingoan, jende gehiago etorri denez, askoz hobeto. Ezberdina da, Areatza osoa karpaz josirik dago eta.

Gainera, aurten jendea oso prestatuta etorri da. Maila oso altua ikusi dugu. Ni harritu egin naiz ikusi dudalako jendeak geroz eta hobeto antolatzen dituela gauzak tortilla on bat egin eta egunaz gozatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.