Iruña-Veleiako ostraketan Eliseo Gilek idatzi zuela esan du grafologo batek

Akusazioak deituta deklaratu du Gregorio Rodriguezek. Identifikazio grafikorako metodo zientifiko bakarra ere ez dago, adierazi duenez

Erredakzioa
Gasteiz
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Baliteke bi pertsona egotea, bata III. mendekoa eta bestea XX.ekoa, idazkera berarekin. Aurkitu dugu orduan, esku bera baita, esku bera zehazki. Zorionekoak gara», adierazi zuen atzo Gregorio Rodriguez Gravalos grafologoak, Arabako 1. Zigor Epaitegian, Iruña-Veleiako ostraken ustezko faltsutzeari buruzko epaiketan. Aipagai zuen eskua, ez zuen zalantzarik adierazi, Eliseo Gil arkeologoarena zen, aztarnategiko zuzendariarena.

Bezperan deklaratu zuten bi grafologok esandakoaren kontra, Rodriguezek ziurtatu zuen berdin diola zerekin eta zeren gainean idatzi, testu bat nork idatzi duen jakiteko, pertsona bakoitzak idazteko modu propioa eta bereizia daukalako. Gaineratu zuenez, identifikazio grafikorako metodo bakarra ere ez da zientifikoa, baina bere iritzia «euskarri zientifikoa duten esperimentuak oinarri hartuta» ondutakoa da.

Arabako Foru Aldundiarentzategin zuen txosten batean jaso zuen iritzi hori Rodriguezek, Photoshop lagun, aztarnategiko antzezpenetarako sortu zuten egurrezko egituran norbaitek egindako idatzi eta marrazkiak ostraketakoekin alderatu ostean. Gilen defentsak, hain zuzen ere, auzitan jarri zuen atzo Rodriguezen lanaren baliagarritasuna, Photoshopen erabileragatik. Azterketa grafologikoek garrantzi handia dute, ostraketako idatziak eta egurrezko egiturakoak, akusazioen arabera, Gilek egin zituelako —berak ukatu egiten du—.

Balizko kalteen ordaina

Atzoko saioan, Teresa Izquierdo Markuleta teknikariak ere deklaratu zuen. Arkeologoa da ikasketaz, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondare Zuzendaritzan egiten du lana. Ustezko faltsutzeen kalte ekonomikoei buruzko txosten baten egile gisa aritu zen Izquierdo. Txosten horren arabera, 476 dira, guztira, kaltetutako pieza arkeologikoak, eta pieza bakoitzeko 600dik gora eurokoa litzateke kalte ekonomikoa. Fiskalak eta akusazio partikularrak 285.600 euroko kalte-ordaina eskatzen diote Gili.

Izquierdok atzo esan zuenez, bere balorazioak «[Jaurlaritzaren Material Arkeologiko eta Paleontologikoaren] Biltegiaren balorazioen arabera» egin zituen, iritzira, «peritaje ekonomiko arloko ezagutzarik, prestaketarik eta esperientziarik» ez daukalako. Piezak ere ez omen zituen zuzenean ikusi txostena egin zuenean, argazki bidez baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.