Zientzia

Jainkoaren garuna

Konputazio klasikoa mugara heltzen ari da, eta, jauzi kuantikoa egiteko, Donostia International Physics Centerrek itun bat sinatu du Barcelona Supercomputing Centerrekin, Ikerbasqueko zientzialariek 'Mare Nostrum' superordenagailua erabiltzeko modua izan dezaten.
<em>Mare Nostrum</em> Bartzelonako BSC zentroko superordenagailua munduko azkarrenetan 25.a da, eta Europako bosgarrena. Kapera zahar batean dago.
Mare Nostrum Bartzelonako BSC zentroko superordenagailua munduko azkarrenetan 25.a da, eta Europako bosgarrena. Kapera zahar batean dago. LUCIA MELER / BSC

Edu Lartzanguren -

2019ko urtarrilak 18
Mooreren legea hil da, eta ordezkoaren bila dabil gizateria. Gordon Moore ingeniari eta Intel konpainiako buruak 1965. urtean iragarri zuen zirkuitu integratu trinko berrien transistore kopurua urtero bikoiztu egingo zela hurrengo urteetan. Berak ere ez zuen uste iragarpena horren ezaguna egingo zenik, ezta horren zehazki eta luzaroan beteko zenik ere. 1960ko hamarkadatik, 18 hilabetean behin bikoiztu egin da txipen indarra. Iraultza informatikoaren erregaia izan da lorpen teknologiko hori orain arte. Baina mugara heldu da.

«Konputazio kuantikoa da orain dugun irtenbide bakarra», esan du Mateo Valerok. BSC Barcelona Supercomputing Centerreko zuzendaria Donostian izan da itun bat sinatzen DIPC Donostia International Physics Centerrekin, Ikerbasqueko ikertzaileek Kataluniako Mare Nostrum superordenagailua erabil dezaten. Mooreren legearen heriotzaz haragoko mundua prestatzen ari dira. Valerok uste du bost urte barru prozesagailuak miniaturizatzen jarraitzeko aukera amaituko dela. Zazpi nanometroko neurrian dabiltza orain, eta uste du litekeena dela bostera heltzea, baina hortik harago ezingo da eskala txikiagoan egin, tamaina horietan fenomeno kuantikoak agertzen direlako. Horregatik, Valerok azaldu du gaurko prozesagailuak ere ezegonkorrak direla. «Ordenagailu egonkorrak egiten ditugu egun, egonkorra ez den logika baten gainean». Duela 10-13 urte amaitu zen prozesagailuen abiada handitzeko aukera, gehiegi berotzen zirelako. Gehiago jartzea izan da konponbide bakarra. «Mooreren legea amaitu da, beraz, eta beste teknologia batzuk behar ditugu. Konputazio optikoak huts egin du, eta zalantza asko daude konputazio kuantikoaz, arazoak dituelako, baina, enpresa handiak sartzen direnean, aurrerapen handiak egiten dira».

Egindako aurrerapena ikaragarria izan dela nabarmendu du ingeniariak. Duela 70 urte, ordenagailurik azkarrenak Alemanian egiten zituzten, eta gaurkoak 1010 aldiz azkarragoak dira. «Ikaragarria da eginikoa; hori da nik ezagutzen dudan singularitate kasu bakarra», esan du Valerok. Zibilizazioari modu erabakigarrian eragiteko moduko adimenaren eztandari esaten zaio singularitate teknologikoa.

Hilda eta bizirik

Baina zergatik izan daitezke horren indartsuak ordenagailu kuantikoak? Prozesagailu klasikoak bitarrak dira; hau da, informazioa bitetan kodetzen da, eta bit bakoitza egoera zehatz batean egon daiteke: 0 edo 1, transistore bat piztuta edo itzalita egon daitekeelako. Ordenagailu kuantikoaren funtzionatzeko moduak, ordea, ez du zerikusirik horrekin: qbit edo bit kuantikoetan kodetzen da informazioa, eta horiek egoera batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean, une berean bizirik eta hilda egon daitekeen Schroedingerren katu ospetsua bezala.

Funtsean, ordenagailu guztiak dira kuantikoak, txip guztietako elektroiek jarraitzen dietelako fisika kuantikoaren printzipioei, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak azaldu duenez. «Baina ordenagailu kuantikoa beste zerbait da: lehen aldiz, konputazioak kuantikaren printzipioei jarraituko die». Bigarren iraultza kuantikoa deitu duena prestatzeko, kongresua antolatuko du DIPCk, Donostian, uztailaren 22tik 26ra.

Konputazio kuantikoa luzerako kontua dela esan du BSCko zuzendariorde Josep Maria Martorellek. Gogoratu du Europako batasunak HPC Ahalmen Handiko Konputazioa egitasmoa duela eta, horretan, 2025. urterako ordenagailua nolakoa izango den aztertzen ari dela. Hortik aurrera, egitasmoaren bultzatzaileek esan dute litekeena dela konputazio kuantikoa eta klasiko-kuantiko hibridoak problema errealak konpontzen ikustea. «Orain dugu guk garaia ikusten hasteko zein ekarpen egin dezakegun konputazio kuantikoaren iraultza horretan», adierazi du Martorellek. Hardwarea zein softwarea landuko dituzte Donostiako eta Bartzelonako ikertzaileek. «Ikusiko dugu gure zientzialariek eta industriak dituzten arazo errealetatik zeintzuk konpondu ahalko diren oraindik ez ditugun algoritmoekin, oraindik existitzen ez diren makinetan. Balizkoa da dena, baina horretan dago grazia».

Mare Nostrum ordenagailua eliza izandako batean dago. Ordenagailu klasikoa da, bitarra. Errealitatea ez da bitarra; mekanika kuantikoaren arabera funtzionatzen du. Ordenagailu kuantikoak, beraz, unibertsoaren errealitatetik gertuago egingo du lan. Bitartean, Mare Nostrum-ekin moldatu behar, Jainkoaren garunera hurbiltzen saiatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna