Hasi da «irudimenaren» jaia

Herritarrek sortutako festetan irudimena erabiltzen jarraitzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko deia egin du Zorion Egileor pregoilariak. Saioa Dominguezek suziria piztuta hasi da jaia Bilbon

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko abuztuak 19
Urtetik urtera errepikatzen da momentua, eta, hala ere, urtero berritzen da poza. 40 urte dira Bilboko Aste Nagusia sortu zela, eta, horregatik, berezia izan da aurtengo txupinazoa. Urteurren borobila delako, baina baita beste urte batez festa giroa ere iritsi delako Bizkaiko hiriburura. Zorion Egileor irrati esatari eta aktoreak izan zuen jaiei hasiera ematen dion pregoia irakurtzeko ardura atzo. «Gora Marijaia!», oihu egin zuen, eta Saioa Dominguez txupinerak piztu zuen jaiei hasiera ematen dion suziria. Marijaia irten zen balkoira, eta bozgorailuetatik haren omenez sortutako abestia hasi zen entzuten. Bederatzi egun irauten duen asteari hasiera eman zitzaion hala.

Berezia izan zen pregoia Zorion Egileorrentzat, eta, horregatik, kosta egin zitzaion lehen hitzak ahoskatzea. Berezia zen beretzat, duela berrogei urte sortu zen festaren sustatzaileetako bat izan zelako. 1977. urtean borborka zegoen Bilbo, eta herritarrek jai herrikoiak eskatzen zituzten. Herri Irratian egiten zuen lan orduan Egileorrek, eta hango bozgorailuak aprobetxatu zituen jai herrikoi batzuen aldeko kalejira batera deitzeko. Uste baino oihartzun handiagoa izan zuen deialdiak, eta hurrengo urtean sortu zen Aste Nagusiaren lehen urrats gisa hartzen dute askok kalejira hura.

Horregatik, pregoilariak ere presente eduki nahi izan zuen momentu hori: «Internetik gabe jaio ginenok ere bagenituen gure sare sozialak, bagenituen moduak jendea biltzeko eta elkartzeko. Irratia genuen orduan denok batzeko tresna ederra, eta niri tokatu zitzaidan irratiaren bidez, Herri Irratiaren bidez, jai berri batzuk antolatu, asmatu eta dei egitea». Beste leku batzuetan arrakastatsu ziren jai moldeak Bilbora eraman, eta «kolorea, askatasuna eta galduta zegoena berreskuratu» zuten horrela. Horren lekuko izan zen Egileor, eta, horregatik, aurtengo Aste Nagusiaren pertsonaia nagusietako bat izango da.

Hala ere, hori guztia historia dela esan zuen Arriagako balkoian hitza hartu zuenean: «Egun berriak datoz, eta irudimenak eta bizitzeko gogoak gure lagun izan behar dute». Irudimen horren bidez indarkeria matxista amaitzeko deia egin zuen, eta baita berdintasun soziala lortzekoa ere. Txaloka hartu zuten Arriaga plaza betetzen zuten herritarrek deialdi hori. «Krisiak gogor kolpatu gaitu, eta irudimenak lagunduko digu pentsiodunentzako irtenbideak lortzen». Berriz jo zituzten txaloak, eta jaiak zein egunerokotasuna irudimenaren bidez bizitzeko deia egin zuen horrela.

Kanpoko zein bertakoei jaiez gozatzeko gonbidapena egin zien amaieran Egileorrek: «Bertako bezala sentitu zaitezte denok, baina gogoan izan hiru gauza: fustea, ganora eta zentzua». Hitz horien amaieran oihukatu zuen denek espero zuten «Gora Marijaia!», eta deiadarraren ostean errealitate bihurtu zen Aste Nagusia, 40. aldiz.

Txosnak apurka zabaltzen

Arriaga aurrean festa hasia bazen ere, oraindik jai gunearen erdigune diren txosnak itxita zeuden. Marijaia Arriaga plazara jaitsi zenean konpartsa bakoitzeko ordezkari batek aurreskua dantzatu zion festetako protagonistari, eta, ostean, txosnaz txosna eraman zuten. Geldiune bakoitzarekin joan ziren txosnak zabaltzen, eta hala Bilbok datozen egunetan izango duen irudia hartu zuen beste urte batez.

Bereziak izan ziren, gainera, 40 urte bete dituzten konpartsen irekierak, Urte Berriko kanpaikadak antzeztuz hasi baitziren. Azken finean horiek dira festen hasieratik bizirik iraun dutenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna