Musika

Aurrez etorritako artistak konplize

Bederatzigarren aldiz egingo dute datorren asteburuan Mojo Workin' jaialdia, Donostian. Antolatzaileek aurten ere musika afro-amerikarreko mitoak gonbidatu dituzte, eta inoiz baino azkarrago saldu dira sarrerak.

LaLa Brooks, The Crystals taldeko abeslaria izandakoa, Donostian ariko da datorren ostiralean. MOJO WORKIN' JAIALDIA.
Miren Garate.
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Aurtengo jaialdia antolatzean gertatutakoa kontatu du Arkaitz Kortabitartek, Gure Gauza elkarteko presidenteak: «Billy Princeren laguna da Jerry Williams, hark eman zidan bere kontaktua. Deitu nionean, Billyrekin hitz eginda zegoen, eta bazetorrela esan zidan ezer azaldu baino lehen». Ederra izan behar du antolatzaile batentzat aurreko urteetan etorritako artistek jaialdia famatzen dutela jakiteak, eta Kortabitartek azaldu du halaxe dela Mojo Workin'-en kasuan: «Ia guztiek edukitzen dute zerbait entzunda, zer egiten dugun eta nola, eta pozarren etortzen dira».

Mojo Workin'-ek bederatzigarren aldia izango du aurten, eta dagoeneko erreferente bihurtu da rhythm & blues eta soul musikaren zaleentzat. Ohi bezala, Donostian egingo dute aurtengo jaialdia ere, eta datorren ostiralean hasiko da —Gazteszenan izango dira emanaldi nagusiak, eta Eiger tabernan eta Kutxa Kultur plazan gainerakoak—. Spencer Wiggins (Memphis, Tennessee, AEB, 1942) izango da lehen eguneko protagonistetako bat, soul sakoneko ordezkari nagusitzat hartzen den musikaria. «Bluesa eta gospela maite dutenentzat jaialdiko kontzertu kutunenetako bat izango da». Haren atzetik ariko da LaLa Brooks (Brooklyn, New York, AEB, 1947), The Crystals talde ospetsuko abeslaria izandakoa. Hura utzi ostean, Broadwayko musikal ezagunenetan aritu zen, eta musika mundutik apartatzea erabaki zuen ondoren. Orain urte batzuk itzuli zen agertokietara, eta, kritikarien arabera, puntu-puntuan gainera. «The Criystalsen kanturik onenak abestuko ditu, denok ezagutzen ditugunak».

Larunbatean, Jerry Williamsen (Portsmouth, Virginia, AEB, 1942) txanda izango da. «Pribilegiatu hutsak gara; izan ere, 50eko eta 60ko hamarkadetako bere kantu adierazgarrienekin prestatu du Mojo Workin' jaialdirako errepertorioa. Swamp Dogg izenez egiten ari den ibilbidea alde batera utziko du oraingoan, eta aukera paregabea izango dugu Little Jerry Williams ikusteko eta entzuteko». Larunbatean bertan izango da The Original Vandellasen emanaldia ere. «LaLa Brooksek bezala, kantu ezagun ugari joko dituzte haiek ere, Motowneko abestiak mundu guztian baitira ezagunak».

Bi egunetan, Iruñeko taldeak izango dira Gazteszenako oholtzara ateratzen aurrenak: ostiralean Los Jambos, eta larunbatean Las Kasettes. Gure Gauza elkarteak antolatzen du Mojo Workin' jaialdia, eta helburuetako bat bertako musikariei bultzada ematea da. «Aurten ibilbide berri bat sortu dugu, eta gertuko artistek soul eta rhythm & blueseko kantu klasikoen moldaketak ekarriko dizkigute, beraien ukitu pertsonalarekin, noski».

Kortabitarteren esanetan,ez dute metodo finkorik zein artista gonbidatu erabakitzeko. «Batzuetan, musikan aktibo ez dabilen artistaren batekin saiatzen gara; beste batzuetan, berriz, gure idoloren batek Estatu Batuetan edo Erresuma Batuan kontzerturen bat eman duela jakiten badugu, erreferentziak bilatzen hasten gara». Baina «zoritxarrez» urtez urte kontua konplikatuz doala azaldu du, bizirik jarraitzen duten artista erreferente horiek hiltzen ari direlako. Errepertorioaren aukeraketa izaten da antolatzaileen eta artisten artean adostu beharreko beste puntuetako bat. Hautaketa egitean tirabirak beti sortzen diren arren, gaineratu du arazo txikiak izaten direla, eta normalean azkar konpontzen dituztela.

Bonu guztiak, salduta

Arrakastatsuak izan ziren aurreko edizioak, eta aurtengoak ere itxura hori du, salmentei erreparatuz gero. Aurreko astebururako agortuta zeuden larunbaterako sarrerak, eta orain bi aste bukatu ziren bonuak; inoi baino azkarrago. Kortabitarteren ustez, hainbat faktorek egiten dute berezi Mojo Workin': alde batetik, jaialdiaren tamaina aipatu du, egun bakoitzean 700 lagunek bakarrik izaten baitute sartzeko aukera. «Aldendu egiten da jaialdi edo ekitaldi handietatik. Distantziak motzak direnez, jaialdia maitasunez egiten dugula sentitu daiteke. Familia giroa egoten da». Bestalde, beste jaialdi batzuetan nekez ikusten diren artistak ekartzen ahalegintzen direla adierazi du: «Biretatik kanpo datoz, esklusiboki. 50eko eta 60ko hamarkadetako musika beltzaren mitoak dira, eta elkarrekin errepertorio originalak aukeratzen saiatzen gara. Horrez, gain, gure allnighter-etako DJ-ak lehen mailakoak dira soul, reggae eta R&B-ko giroan». Liburu baten eta LP baten aurkezpena ere sartu dituzte aurtengo jaialdiko egitarauan.

Bederatzigarrenaren atarian, Gure Gauza elkartekoak datorren urteko jaialdiari begira ere jarrita daude; hamargarrena izango denez, berezia izatea nahi dute: «Aurten bozketa bat egitea pentsatu dugu, ikusleek aukera izan dezaten aurreko urteetan jaialdian izandako artistak hautatzeko, datorren urtean itzul daitezen». Kortabitartek iragarri du sorpresak ere izango direla: «Baina azkeneko unera arte ez ditugu jakinaraziko; hamargarren urteurrena gerturatzen denerako gorde ditugu. Festa mundiala izango dela ziurtatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.