Mariana Parra. Doktorea Zientzia Politikoetan

«Moiseren hilketak herritar eta begirale asko harritu ditu»

Haitiko presidentearen heriotzak «ziurtasunik gabeko» egoeran utzi du herrialdea. Parraren ustez, «ez da aldaketa handirik» espero.

BERRIA.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Mariana Parrarentzat, Haitin egon zenekoa «bizitza aldatu zion esperientzia bat» izan zen. Zientzia Politikoetan doktorea da, eta herrialde horretan aditua, hainbat lan argitaratu baititu han gertaturikoaz. «Brasilgoa naiz, hortaz, jada ezagutzen nituen muturreko bidegabekeriak, desberdintasun sozialak, arrazismoa eta horren ondorioak. Baina Haiti aztertu eta sakonean ezagutu ostean, ulertu ahal izan dut arrazismoak nazioarteko politikan duen indarra, eta nazioarteko egitura ekonomiko eta politikoek nola jokatzen duten Haiti eta halako herrialdeak pobrezia eta bazterkeria egoeran mantentzeko».

BERRIA Jovenel Moise presidentearen hilketaren harira mintzatu da harekin, egoeraren eta etor daitekeenaren berri izateko.

Moiseren hilketaren aurretik, zein zen Haitiren egoera politiko eta soziala?

[Jean-Bertrand] Aristideren bigarren gobernuaren krisiaz geroztik, Haiti krisi sozial, politiko eta humanitario batean dago murgilduta. Gobernu hori 2004an amaitu zen, Haitiko eliteak hura agintetik bota zuenean, [AEB] Ameriketako Estatu Batuen eta Dominikar Errepublikaren eraginarekin.

Garai hartan, Haiti jada borrokan ari zen duvaliertarren erregimenaren ondare politiko, sozial eta ekonomikoaren aurka, zeinak AEBen babesa izan zuen Gerra Hotzeko geopolitikaren logikan.

2004ko krisian, Haitin eragina duten estatuek modu klasikoan jardun zuten: gatazkak indarkeriaren bidez konpontzen saiatu ziren, AEBak buru zituzten [NBE] Nazio Batuen Erakundearen operazio batekin. Huts egin zuten.

2006an Rene Preval aukeratu zuten presidente, eta horrek herrialdea lasaitzeko balio izan zuen. Haren agintaldiaren amaieran, ordea, lurrikara izan zen, dozenaka mila lagun hil zituena.

Horren ostean, NBEk bozak antolatu zituen, eta gatazka gehiago eta zatiketa handiagoak ekarri zituzten. AEBen hautagai zen Michel Martelly abeslari ospetsuak irabazi zuen, baina Duvalierren aldekoa zen, eta atzerapauso asko eragin zituen demokratizazio prozesuan; bi urtez gobernatu zuen dekretu bidez. Haren ondoren iritsi zen agintera Moise.

Nola iritsi da Haiti egungo egoerara? Eta nola definitu daitezke Moise eta haren agintaldia?

Bi urte iraun zuen hauteskunde prozesu baten ondoren aukeratu zuten, ez zegoelako adostasunik emaitzen inguruan. Hasieratik, Moisek izan zuen babesik herritarren artean, baina haren agintaldian gertatu zen PetroCariberen ustelkeria kasua, Hugo Chavezen gobernuak Haitiri ematen zion laguntza programarena.

2018an, hamarkada askotan lehen aldiz, gizartea elkartu egin zen gobernuaren aurka protesta egiteko, Martellyren gobernuaz geroztik programatik lapurtu zituzten milioien itzulera eskatzeko. Hala, gizarteak Moise kargutik joatea nahi zuen; Core Group taldea osatzen duten estatuak kontra agertu ziren, eta erabaki zuten Moisek agintean jarraitzea.

Beste behin ere, herritarren nahiaren aurka egin zuten, eta emaitza hondamenezkoa da.

Bazen arrazoirik pentsatzeko haren kontrako eraso bat gerta zitekeela? Bada aurrekaririk?

Badira aurrekari asko, historian nahiko atzean daudenak, baina herritarren iruditerian nahiko presente daudenak. Moisek etsai asko izan zituen; tartean, bere fakzio politikoan.

Haren gaitasunik ezak herrialdea egoera jasangaitz batera eraman zuen, termino instituzionaletatik begiratuta; ez zuen zilegitasunik, ez osperik, ezta legearen ikuspuntutik ere, parlamenturako bozak atzeratuta. Baina, zalantzarik gabe, haren hilketak herritar eta begirale asko harritu ditu; uste dut inork ez zuela espero.

Hainbat hipotesi daude hilketaren inguruan. Zer uste duzu dagoela horren atzean?

Ikerketen emaitzak itxaron behar ditugu ziur izateko arrazoien inguruan, eta jakiteko nor dagoen hilketaren atzean. Baina jada badakigu Haitiko eliteak eta politikariek zerikusia izan zutela.

Hilketa gertatu eta berehala Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak AEBen eta NBEren laguntza eskatu izana segurtasuna bermatzeko... Nire ustez, hori aztertu egin behar da. Moiseren hilketaren aurreko baldintzak jada jasanezinak ziren; herrialdea talde armatuen menpe dago.

Haiti torturatu duten pertsona batekin konpara dezakegu; hainbeste torturatu dute, ezin baitu bere borreroaren menpe dagoen beste mundurik irudikatu.

Nola erantzungo dio Haitiko klase politikoak egoera honi?

Klase politikoa erabat zatituta dago aspaldidanik; egun, are gehiago. Gaitasun oso urria dago koordinaturiko ekintzak egiteko. Ez dago zilegitasuna duen parlamenturik, eta horren ordez gaizki funtzionatzen duen Senatu bat dago, hamar senatarirekin, gainontzekoen agintea amaitu baita.

Agerikoa da Moise politikoki bakartuta zegoela. Orain, espero da politikariak ados jarriko direla, gutxieneko batasun nazional bat lortuko dutela, eta elkarrekin lan egingo dutela herrialdeko krisi instituzionala konpontzeko.

Zer egoera espero ditzakegu epe laburrera begira?

Edozein begirale oso ezkorra izango da. Ziurtasunik gabeko egoera batean dago herrialdea.

Milaka haitiar korrika joan ziren AEBen enbaxadara herrialdetik ateratzeko. Haiti kartzela bat delako sentsazioa jada bazegoen herritarren artean, ezegonkortasunaren, segurtasunik ezaren, atzerakada ekonomikoaren eta errepresioaren ondorioz.

Moiseren hilketaren ostean, hiru hautagai daude presidente kargua hartzeko: Joseph, Ariel Henry eta Joseph Lambert. Zer esan dezakezu horietaz?

Hirurak Moiseren talde politikoarekin lotuta daude, nahiz eta irudi dezakeen Lambertek onarpen handiagoa duela gainontzeko talde politikoen artean. Badirudi Joseph eta Henry haren ondaretik aldendu nahi dutela, baina ezin dira aldaketa handiak espero; hipotesirik onena herritarrek presio handia egitea da, krisia amaitu dadin.

AEBen ordezkaritza bat hiru hautagai horiekin bildu zen. Zein da herrialde horrek Haitiko politikan eta ekonomian izan duen rola? Eta zer garrantzi izan dezake egungo egoeran?

AEBek ez zuten baztertu esku hartze militar bat, eta, beren modus operandi historikoari eusten badiote, hori oso kezkagarria da. Indar militarra erabiliko dute herrialdearen egoera kontrolatzeko, ohiko albo kalteekin, eta, aldi berean, Haitiren sakoneko arazoei aurre egin gabe.

Nola erreakzionatu du gizarteak? Ba al da nekerik agintean dagoen klase politikoarekiko?

Ziurrenik neke hori existitzen da, desesperatuta daude, batez ere lurrikaraz eta Martellyren hautaketaz geroztik. Abstentzioa handia da, eta egoera aldatzeko itxaropena ez da existitzen. Batzuek sinisten dute haitiarrak fatalistak direla. Baina herrialdearen egoera ezagutuz gero, erraza da ulertzea zergatik gertatzen den hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.