Koronabirusa. Isabel de la Mata. Europako Batzordeko aholkularia

«Urratsak unean uneko ezagutzaren arabera egin dira, beti»

Europako Batasuneko herrialdeek birusak harturik segitzen dute. Ordea, atzera begiratu du De la Matak, eta harro da eginiko urratsez.

JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Donostia
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Isabel de la Matak (Bilbo, 1960) begirada ernez egiten dio so COVID-19aren izurriteari: Europako Batzordeko Osasun eta Krisien Kudeaketako aholkulari nagusia da. Ohartarazpen argia egin du: «Hau ez da bukatu».

COVID-19ak eragindakoa sekulako izurritea da. Zer ideia izan behar da buruan hari kontra egiteko?

Batetik, ezinbestekoa da gaixotasunen azterketa epidemiologiko zehatza egitea, eta arretaz begiratu behar zaio munduan gertatzen denari. Aintzat hartu behar dugu estatuen arteko koordinazioa premiazkoa dela, inoiz ahaztu gabe, gainera, herrialde bakar bat ere ez dagoela bakartua besteetatik, birusak ez baitu mugarik.

Pandemiak eztanda egin zuenetik, jakin da behar bezain laster erreakzionatzen?

Urratsak gaitzari buruz dugun ezagutza zientifikoaren arabera egin dira, beti. COVID-19a ailegatu aurretik, jadanik harremanetan izanak ginen SARSekin eta MERSekin, baina izurriteak bestelakoak izan ziren. COVID-19ari buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta hobeki egokitu dugu hari aurre egiteko erantzuna, eta erantzunak ez dira berandu iritsi. Esango nuke momentu bakoitzean izan ditugun baliabideei eta ezagutzari egokituak izan direla, erabat. Europako Batasunak koordinazio lan oso ona egin du. Kide diren herrialdeek pausoak batera eman izanak bide eman du, esaterako, sendagaiak, babeserako materialak eta txertoak elkarrekin erosteko.

Edonola ere, zenbait gairi dagokionez, herrialde bakoitzak bere erara jokatu du. Horrek ez al ditu pausoak baldartzen?

Koordinazio lana handia da. Adibidez, lan handia egiten da Krisi Egoerei Politikoki Erantzuteko Europako Batasunaren Mekanismoarekin, baita Osasun Segurtasuneko Batzordean ere. Dena dela, beti esaten da gure batzordeak eskumen gehiago izan eta herrialde guztiek modu bateratuan jokatuko balute errazagoa izango litzatekeela erronkei erantzutea, baina, aldi berean, gaur egungo deszentralizazioak lagundu egiten du tokian tokiko premiak aintzat hartu eta erabakiak horien arabera zehazten. Halaber, hain zuzen ere, oraintxe bertan, eskumen gehiago emango dizkigun sistema bat eskuratzeko ari gara lanean. Hiru arau ditu eztabaidagai parlamentuan, urte bukaerarako onartuak egotea espero dugu, eta horiek bide emango dute etorkizunean etorriko diren mehatxuen aurrean erreakzio gaitasun hobea izateko.

Zer hanka sartze egin du Europako Batasunak izurritean?

Ez dut uste akatsik egin denik, behintzat ez bere horretan. Gaiari buruzko ezjakintasuna handia izan da, hori bai, eta, beraz, gaur egun hartuko ez genituen erabakiak hartu izan dira azken urtean. Adibidez, orain badakigu transmisioa airetik gertatzen dela, eta horregatik ikusten dugu hain argi maskarek eta pertsonen arteko distantzia gordetzeak garrantzia dutela. Aldiz, hasieran, informazio asko falta genuen, deus gutxi baikenuen. Materialean ere agerikoak ziren gabeziak: maskarak, eskularruak, haizagailuak... Horiek produzitzen dituzten herrialdeak aski lanpetuak ziren beren buruentzat ekoizten; muga asko jarri zituzten esportazioetarako. Horri ere egin behar izan genion aurre.

Birusak mugarik ez duela aipatu duzu, baina, hain zuzen, herrialdeen arteko mugen kontrola da Europako Batasuna kudeatzen ari den gai nagusietako bat. Indarrean da osasun ziurtagiria, adibidez. Pozik zaudete orain arteko funtzionamenduarekin?

Europako Batasuneko kide diren estatuen artean ezin da egon muga zurrunik; zirkulazioak bermatua egon behar du. Muga bat ixtea oso zaila da, ez bada irla bat delako. Izan ere, ziurtatu egin behar dugu salgaiak batetik bestera mugitzen ahalko direla, langileek ere egiten ahalko dutela behar duten bide oro, eta hegazkin eta barkuak ere mugitzen ahalko direla. Balantzan jarri behar dira muga bat ixtearen onurak eta kalteak, eta zentzuz erabaki.

Posible da mugitzea, baina kasu askotan ezinbestekoa da ziurtagiria edukitzea. Horren harira, hainbat herritar sumindu egin dira, oraindik txertatzeko aukerarik izan ez dutenak bereziki, edota txertoa hartu nahi ez dutenak. Ulertzen duzu ezinegona?

Kontua da ziurtagiria lortzeko ez dela ezinbestekoa txertatua egotea. Aski da gaitza pasatu duzula erakusten duen agiri batekin edo test batean emaitza negatiboa izan duzula erakustearekin. Bestalde, txertatu nahi ez dutenei esango nieke txertaketa ez dela norbanakoari soilik eragiten dion zerbait. Kontrara, txertatzea ekintza solidarioa da. Ez genuke geure buruagatik egin beharko, besteak babesteko baizik. Jendeak hori buruan izatea nahi nuke.

Emaitza negatiboa erakusteko testa egiteko, ordea, ordaindu egin behar da gehienetan.

Herrialde batzuetan dohainik egin daiteke. Edonola ere, bidaiatzea ez da eskubide bat. Mugikortasuna eskubide bat da; oporrak beste herrialde batean pasatu ahal izatea, ez. Kontuak kontu, ulertzen dut amorratuta egotea. Alde horretatik, Europako Batzordea hitzarmen batzuk sinatzen ari da test horiek ordaintzeko diru laguntzak eskatu dituzten herrialdeekin, eta guztira 100 milioi euro jarriko dira proba horiek erosteko.

Birusaren aldaerak gero eta gehiago dira. Hori zer neurritan da kezkagarri?

Oso inportantea da haiei erreparatzea. Birusak iraun egin nahi du, eta, horretarako, mutatu egiten du, infektatzen segitzeko. Horregatik, erne ibili behar dugu birusaren aldaerak detektatu eta horiei kontra egiteko prestatzeko. Esaterako, jakina denez, Delta aldaera aurrekoak baino kutsagarriagoa da. Ahalik prebentzio neurri gehien hartu behar ditugu kutsatzetik babesteko, herritar asko eta asko txertatuak diren arren. Ez dugu birusa desagerraraziko. Transmisioa ahal bezala etetea besterik ez dugu.

Adituek diotenez, mundu mailako txertaketa bultzatuta nabarmen zailduko litzateke aldaera berriak agertzea. Europako Batasunak aski egiten du herrialderik behartsuenei laguntzeko?

Europako Batasuna da Covax programaren laguntzaile nagusia. Diruz laguntzen dugu, eta, gainera, erakundeak konpromisoa hartu du orain 200 milioi dosi emateko dohaintzan. Konpromisoa agerikoa da, denok elkarrekin atera gaitezen ilunetik.

Zuen kalkuluen arabera, noiz ailega liteke izurritearen bukaera? Egin duzue aurreikuspenik?

Ez dugu egiten halakorik; ez dakigu noiz amaituko den. Izatez, esan bezala, uste dugu birusarekin bizitzen ikasi beharko dugula. Luzaroan hala izango da behintzat. Helburuak izan beharko du gaitzak gure eguneroko bizitza ez baldintzatzea, eta, izatekotan, izan dadila han nonbait dagoen baina noizbehinka baizik agertzen ez den zerbait, mehatxu handia izango ez dena, eta osasun sisteman eta esparru ekonomikoan kolapsorik ekarriko ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.