Migrazioa. Kolektibo bereziak

Genero jazarpenetik ihesi etorri, eta Europan ere LGTBIfobia topatu

Lesbiana, gay eta transexualei zerbitzua emateko prestakuntza egokirik ez dago erakundeetan

Orientazio sexualagatik edota genero identitateagatik sufritutako jazarpena babesa eskatzeko arrazoi bat da. J. URBE / FOKU.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Norbere orientazio sexualagatik edo genero identitateagatik sufritutako jazarpena nazioarteko babesa eskatzeko arrazoi bat izan daiteke, Nazio Batuen Iheslariei Buruzko Hitzarmenaren arabera. 72 herrialdetan zigortuta daude sexu berekoen arteko harremanak; zortzitan, heriotza zigorra jar diezaiekete homosexualei; eta askoz gehiagotan, legerik gabe ere, konbentzio sozialak aise bihurtzen dira jazarpen.

Asko dira, kontzienteki edo inkontzienteki, jazarpen horretatik ihesi Europarako bidea hartzen duten lesbiana, gay eta transexualak. Harrerako instituzioek, ordea, gutxitan dute behar adinako trebakuntza talde horri dagozkion beharrak garaiz antzemateko, eta LGTBI elkarteen esku geratu ohi da lan gehiena. «Ez dago haien egoera kontuan hartzen duen protokolo espezifikorik», kexu da Oscar Arroyuelo, Gehituko kidea. Sarritan, euren herrialdetik ihes egiteko arrazoi berberak topatzen dituzte bidaian edo harrerako tokian: maiz egiten dizkiete eraso LGTBIfobikoak herrikideek edota funtzionarioek. Gehituk talde horri buruzko azterketa zehatz bat egiteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, harrera erakundeetako baliabideak gero analisi horretara moldatzeko.

Langile sentsibilizatuak

Migratzaileekin lan egiten dutenen zailtasun nagusietako bat, izan ere, era horretako jazarpena sufritu duten pertsonak identifikatzea izan ohi da. «Sarritan ez diote gaiari garrantzia ematen hona heltzen diren arte, edo ez daukate konfiantzarik esateko», azaldu du Aldarte elkarteko Lala Mujikak. Laguntza psikologikoa eta juridikoa ematen diete LGTBI iheslariei. Askok ez dute elkarte horietara jotzen hainbat hilabete igaro arte, eta denbora haien aurka doa asiloa eskatzeko orduan. «Horregatik da garrantzitsua laguntza psikologikoa», uste du Arroyuelok.

Nazioartean gai horretaz arduratzen den erakunde nagusietako batek, ORAMek, hainbat aholku argitaratu izan ditu LGTBI iheslariekin lan egiten duten erakunde eta elkarteentzat. Besteak beste, euren egoeraz hitz egiteko «segurtasun, ulermen eta babes inguruneak» sortzea gomendatzen du, errespetuzko jarreretan eta terminologian trebatutako lantaldeekin. Europako hainbat lekutan —Alemanian, Erresuma Batuan eta Austrian, esaterako— harrera etxe bereiziak ere antolatu izan dituzte LGTBI pertsonentzat. «Kezka nagusietako bat izan ohi da eskaintzen zaizkien espazioetan herrikide LGTBIfobikoekin batera egon behar izatea», Arroyueloren arabera: «Ezagutu izan ditugun egoera batzuetan, pertsonak etxebizitzetan giltzapetuta egon dira tramiteak egin bitartean, ezin zutelako bizimodurik egin etxean, ezta etxetik kanpo ere. Oso zaila da jazarpenagatik ihes egitea eta harrerako herrialdean berriro bizi behar izatea —familiarik eta lagunik gabe, gainera—, eta kalte gehigarri handia dakar».

Beste zailtasun bat izan ohi da nazioarteko babesa eskatzeko prozedura bera. Asiloa polizia etxeetan eskatu behar da, eta, bertan, «egokitzen den funtzionarioaren araberakoa» izan ohi da esperientzia. Sarritan ez da egoten LGTBI gaietan sentsibilizatutako agenterik. Arroyuelok adibide batekin ilustratu du: «Austrian hiru asilo eskatzaile gay bota berri dituzte atzera. Bat, 'femeninoegia' zela iruditu zitzaielako, antzerkia egiten ari zelakoan; bestea, 'maskulinoegia' zelako, eta ez zeukalako gay baten kasuan ohikotzat jotzen duten ingurune soziala; eta hirugarrena, ez zuelako ezagutzen ortzadar banderaren koloreen esanahia. Hor ikusten da nola eragiten duten langileen usteek».

Jazarpena sufritu dutela frogatzea ere lan nekeza izaten da. «Euren herrialdean liderrak edo giza eskubideen aldeko ekintzaileak izan badira, errazagoa da frogak biltzea», uste du Mujikak: «Baina jende askok ingurune hurbilean sufritu du jazarpena, eta ez dauka frogatzeko modurik. Besterik gabe, ezin dira bizi, eta ihes egiten dute gainerako guztiek bezala: txalupa bat hartuta, ahal duten moduan». Aldarteko psikologoaren ustez, irtenbidea ez da hainbeste espazio bereiziak sortzea, tokiko LGTBI komunitatean txertatzea baizik: «Kanpotik datorren trans batentzat garrantzitsuagoa da laguntza jasotzea hemen bizi ahal izateko; adibidez, Osakidetzan behar dituen hormonak lortzeko. Horregatik da ezinbestekoa LGTBI taldeak ere inplikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.