Koronabirusa. ANALISIA

Arriskua zegoen, eta hausten ari da

arantxa iraola
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Egia da kasuak atzemateko PCR test asko egiten direla orain; ez dute zerikusirik krisiaren hasierako kopuru apalekin. Egia da sintomarik gabeko jendeari egiten zaizkiola orain usu; izurriaren agerraldiei aurre egiteko ahalegin goiztiarra dira. Egia da, halaber, ospitaleetan ez dagoela aparteko larritasunik oraindik. Baina birus honek aurrez erakutsia duen oldarkortasuna ezin ahantzita, adi-adi egon behar da COVID-19aren azken datuei begira, agerikoa baita positiboen eta agerraldien igoera. Eta, ezin uka, etsipen puntu bat sortzen du; izan ere, konfinamenduaren ostean, nabarmena zen egoera hobe baten esperantza. Asmo horrexekin bideratu ziren itxialdia atzean utzi eta normaltasun berribatera —aztertzekoa da normaltasun hitzaren inguruan egon den tema— egiteko urratsak.

Ulertzekoa da instituzioen partetik, eta gizartean oro har, halako gogoa izatea itxialdian utzitako jarduerak berriz abian jartzeko, baita jarduera ekonomikoa hauspotzeko ere. Baina egoera hauskorra da oraindik. Hasteko, biztanlerian seroprebalentzia neurtzeko egin diren azterketek argi erakutsi dute kalteberatasuna handia dela oraindik birus berri honen aurrean: ezagutzera eman diren azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian, adibidez, herritarren %4,3k izan dute COVID-19a. Oso indartsua egiten du horrek birusa. Bigarrengoz, erruz errepikatu da udan birusa ahulduko zela, eta aro bare baten esperantzarako heldulekua izan da, baina ez dago beroarekin birus hau benetan apaltzen dela erakusteko ebidentziarik zientzian; halaxe, ikusi da nahi baino ustelagoa zela uste hori. Oro har, birusaren inguruan zalantza handiak daude oraindik: artegagarria da hori onartzea, baina ezinbestekoa. Horiei guztiei erantsi behar zaie maskararen erabilera orokortzeko neurri argirik ez dela hartu orain arte, eta zenbait eremutan jendearen arteko distantziak behar bezain tinko zaintzera ere ez dela egin. Festak eta topaketa handi guztiak bertan behera uztea aski galera handia izan dela gogoratuta, turismoak ere kolpe oso latza hartu duela kontuan hartuta, birusa ia ahaztuta zegoela sentitzeko tokientzat zirrikituak ere egin dira, paradoxaz beteak. Baina normaltasun berri hori hausteko arriskua zegoen, eta hausten ari da.

Datuak okertu dira, eta herritarrak «erlaxatu» egin direla nabarmendu da, errieta tonuan. Baina igaro asteotan, alarma egoera bertan behera geratu zenetik hona, hauteskunde kanpaina bat ere tartean egon dela gogoan hartuta, normaltasun hitzari atxikita agintariek ozendutako goiburuak ugariak izan dira, eta hori ere ezin da ahantzi. Hondartzetako eta terrazetako martxa berreskuratzea ia ikuskizun baten gisan erakutsi duten albisteek ere hauspotu dute giro jakin bat.

Izurriak bere eboluzioa izango du, politikarien zuribideez, ekonomiaren herrenak eragindako aldarriez eta herritarren kexuez harago. Eta hori argi esplikatu behar da. Horretarako, testak egiteko gaitasuna aregotzea eta ospitaleetarako arnasgailu gehiago eskuratzea bezain garrantzitsua da komunikazio politika sendo eta argiak izatea: ardura sustatzera bideratutakoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.