Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Senitartekoak, «are haserreago» Urkullurekin bilera egin ondoren

Lehendakaria luizia izandako lekura joan da, hondamendia gertatu zenetik lehenengo aldiz

Gotzon Hermosilla - Igor Susaeta -

2020ko otsailak 13

Azkenik, Iñigo Urkullu lehendakaria Zaldibarko luizia izandako tokira joan da, hondamendia izan eta sei egunera. Aukera baliatu du oraindik desagerturik dauden bi langileen senitartekoekin elkartzeko. Lehenagotik ere, senideak kexu agertu dira, administrazioek eman dieten tratuari eskasa iritzita, eta bilerak ez du balio izan haserrea baretzeko.

Desagertuetako baten senide batek BERRIAri adierazi dionez, bilera horretan Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere parte hartu dute. Senideak nabarmendu duenez, batzarraren aurretik «lur jota, minduta eta haserre» zeuden, eta «are haserreago» daude bileraren ostean. Ez du azalpen gehiago eman nahi izan.

Senitartekoek abokatu baten esku utzi dute auzia, eta, hark BERRIAri adierazi dionez, «gorpuak agertu arte» ez du adierazpenik egiteko asmorik: «Familia gaindituta dago». Herritarrek azken egunotan agertutako babesa eta elkartasuna eskertu ditu.

Irakurri gehiago: Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?

Urkulluk aldez aurretik iragarri gabe egin ditu bisita eta senideekin izandako bilera, bere agenda instituzionalean agertzen ziren bi ekitaldiren artean. Adierazpenik ere ez du egin. Hauteskunde eguna iragartzeko egindako agerraldian, Urkulluk defendatu zuen ordura arte Zaldibarrera joan ez izana esanez ez duela «hondamendi naturalen eta lan istripuen» lekuetara joateko ohiturarik, eta ez diela men egin nahi «Twitterren antolatzen diren kanpainei».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka bozeramailearen ahotik, asko gogortu du Verter Recycling enpresaren kontrako diskurtsoa, eta, Radio Euskadiri emandako elkarrizketan, esan du enpresaren aldetik ez dela elkarlanik izan lan ikuskariekin, eta «oso zaila» izan dela ingurumen teknikariekin elkarlan hori lortzea.

Enpresak, berriz, adierazi du ez duela «arduradun politikoek egiten dituzten adierazpen guztiei erantzuteko» asmorik, baina gezurtatu egin ditu Erkorekaren hitzak: «Hasiera-hasieratik, elkarlanean aritzea izan da gure borondatea».

Enpresaren arabera, zabortegiak urteotan hartutako hondakin guztien sarrerak «erregistraturik eta administrazioaren eskura» daude, eta Jaurlaritzak iaz egindako txostenetan ez zen zalantzan jartzen zabortegiaren egonkortasuna.

EAJren salaketa

Bezperan hainbat batzokitako atarietan zabor poltsak agertu zirela eta, haien kontrako «jazarpena» salatu zuen atzo EAJk. Are gehiago, horren sustatzailea «ETAko buruzagi ohi» Aitor Elizaran izan dela salatu zuten, «publikoki».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna