Bel Pozueta:«Borrokarako grina piztu dit Altsasuko auziko injustiziak»

Nafarroako EH Bilduko hautagai izango da apirilaren 28ko bozetan. Altsasuko Gurasoak plataformako bozeramaile izateri utziko dio

Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko martxoak 14
Goizean goiz zabaldu zen atzo albistea: Bel Pozueta Espainiako hauteskundeetarako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua izango da. Ikasketaz soziologoa eta sexologoa da, baina azkenaldian ezagun egin da Altsasuko auzian zigortu duten Adur Ramirez De Alda gaztearen ama delako eta Altsasuko Gurasoak plataforman bozeramaile gisa aritu delako. Sorpresa izan da haren hautagaitza herritar anitzentzat. Pozuetak berak eman zituen EH Bilduren proposamenari baiezkoa eman izanaren arrazoiak atzo arratsaldean. Garrantzitsuena bat: «Borrokarako grina piztu dit Altsasuko auziko injustiziak».

Esker oneko hitzak izan zituen agerraldian. Erabakia hartu arteko prozesuaz mintzatu zen: «Injustiziaren aurka altxatzen ikasi dut. Guri sufritzea tokatu zaigu, baina bidean ikusi dugu jende aunitzek sufritzen dugula, Euskal Herrian, Espainian zein Europan». Aurrean duena «erronka garrantzitsua» dela adierazi zuen Pozuetak: «Erronka handia da, baina badakit ez naizela bakarrik egonen. Adurrek ere aurrera egiteko erran dit». Eta Madrilera joatearen garrantzia azpimarratu zuen: «Nafarroaren hitza Madrilera eraman behar da».

Altsasuko bertze gurasoez gogoratu zen agerraldian. Esker oneko hitzak eskaini zizkien, eta aurreratu zuen plataformako bozeramaile izateari utziko diola: «Altsasuko Gurasoak plataformaren parte izaten jarraituko dut, ama naizelako, baina, etikagatik, ez dut bozeramaile izaten jarraituko». Nabarmendu zuen espero duela hartutako erabakiak ez duela eraginik izango plataformak egindako lanean.

EH Bilduk bihar jakinaraziko ditu apirilaren 28rako hautagaien zerrendak osorik, asteburuan eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte, eta igandean emango dute zerrendaburuen berri. Naiz.eus egunkariak aurreratu duenez, Mertxe Aizpurua Gara-ko kazetaria izango da Gipuzkoako zerrendaburua Kongresurako.

UPNren erantzuna C's-i

Zeresana ematen jarraitzen du UPNk eta Ciudadanosek hauteskundeetarako lortutako akordioak. Izan ere, akordioa sinatu eta gutxira elkarrizketa egin zioten atzo Luis Garicano Ciudadanoseko arlo ekonomikoko arduradun nagusiari, Ser irrati katean. Hitzarmen Ekonomikoari buruz galdetu zioten, eta erantzun zuen konstituzioan txertatuta dagoela, baina euren aldarrikapen nagusia ez dutela baztertu: «Konstituzioa berritzeko hitzarmena balego, gure politika litzateke [Espainiako] lurralde guztiek erregimen hori izatea, argi eta garbi».

Berehala erantzun zuen UPNk, eta Javier Esparza alderdiko presidenteak gogorarazi zuen Albert Riverak foru erregimenarekiko eta eskubide historikoekiko errespetua azaldu duela. «Etorkizunean erregimena indargabetzea eskatuko balu, hitzarmena berehala bertan behera geratuko litzateke», ohartarazi zuen.

Ciudadanosekin adostutakoaren arabera, UPNri dagokio Kongresurako lehen bost hautagaiak izendatzea, eta igandean egingo dituzte Kongresurako zerrenda osatzeko alderdi barruko bozak. Hautagaien artean hainbat izen ezagun daude, besteak beste, Sergio Sayas, Eleonora Mihaylova eta Carlos Garcia Adanero. Senaturako, aldiz, ez dute primariorik egingo, hautagai bakarra aurkeztu baita: Alberto Catalan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna