Koronabirusa. Lehen fasean astebete
Iruñea: apurka burua altxatzen, eta dudak nonahi

Normaltasun berria delakoa oraindik urrun geratzen da. Nafarroa lehen fasean dago maiatzaren 11tik; baina Iruñeko saltoki eta taberna batzuek burua apurka altxatzea erabaki duten bezala, beste askok uste dute ez dagoela nahikoa bermerik. Faktore asko elkartzen dira; jardueraz gain, kokagunea ere giltzarri da. Arrosadiko Zangoza kalean, kasurako, ile apaindegi eta okindegiren bat salbu, beste negozioek pertsiana jaitsia dute: tabernek ez dute nahikoa tokirik terraza jartzeko, eta jende gutxi dabil. Hiriaren beste ertzean, Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean, alderantziz gertatzen da, eta gehiago dira irekitzera animatu direnak.
Ez da erraza. Iturrama auzoan, Cuadros Trazo dendako ateak parez pare irekita daude. Koadroetako markoak jarri ohi dituzte, eta bertan egiten du lan Luciak —nahiago du abizenik ez eman—. «Konfinamenduaren aurretik genituen eskariekin ari gara lanean, baina oso motel». Bezero oro sartzean, maskara jartzen du, eta eskularruak jarri. «Denetariko pertsonak sartzen dira hemen, eta ez dakit zenbateraino behartu dezakedan maskara jartzera», dio.
Antzera geratzen zaio Donibane auzoan ile apaindegia duen Pedro Itoizi. Ordua hartzerakoan, maskara jarrita etortzeko eskatzen du, eta, betidaniko bezeroekin lan egiten duenez, gehienek errespetatzen dute. Zailagoa da dena orain, baina azken bi hilabeteak okerragoak izan dira: «Kezkaz bizi izan dut, noiz eta nola hasiko naizen jakin ezinik». Konfinamenduaren eraginez, bezero askok ilea mozteko premia dute, eta nahikoa zeregin badu Itoizek. «Dena motelagoa da, ordea». Baten eta bestearen artean ile apaindegia garbitzen du, eta bezeroak banaka sartzen dira.
Ile apaindegiek baino zailago dute tabernek. Iturrama auzoan, Manolo Dos tabernako lau mahaiak beteta daude. Kexu da Antonio Chamorro. «Itxita ez edukitzeagatik ireki dut, baina kafe bat hartzeko esertzen dira mahaian, eta haiei so egoten naiz, dirua nola galtzen dudan begira».
Auzo berean, Antso Azkarra etorbidean jendearen joan-etorria handia da, eta inguruko tabernak itxita daudenez, Ciudad de Pamplona jatetxeko hamabost mahaietatik gehienak beteta daude eguerdian. «Ondo ari gara lanean», dio Maite Duval zerbitzariak. Normalean menuekin egiten du lan, eta orain enkargu bidez funtzionatzen dute. «Ahulago dabil hori».
Golem zinema areto ondoko Alivio tabernan, Sonia eta Gabriel Tarco anai-arrebak zalantzaz beteta daude, eta BOE aldizkari ofizialean ez dute erantzunik topatzen: «Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ez dute argibiderik ematen». Terraza handia izan arren, ez dakite nola funtziona dezakeen negozioak, merezi ote dien. Ez da erabaki erraza: 11 langileak aldi baterako erregulazioan daude, gobernuaren dirurik jaso gabe, eta hasteko zenbat itzuliko diren zehaztu behar dute; gainera, ICOri mailegua eskatu diote. Segurtasun baldintzekin ere kezka dute, eta nahiago dute bigarren fasera itxaron.
Kontsumitu ez diren janari eta eta garagardoen modura, lore eskaria ez da itzuliko. Ezteiak eta jaunartzeak direla, sasoi ona izan ohi da Sarasate lora dendan, baina «hori dena joana da». Ziurgabetasunaren erdian, Alicia Sarasateri ez zaio lana falta: «Jendeak kolorea eta bizia eman nahi dio etxeari, eta argitasun hori loreek ematen dute».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.