Osakidetzak ez du aldatuko jaioberrien protokoloa, oraingoz

Basurtuko ospitalean gertatutakoa hobeto aztertuko dute, indartze neurriak hartu aitzin

Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Basurtuko ospitalean (Bizkaia) asteazken gauean izandako bahiketaren ondotik, jaioberrien segurtasunerako protokoloa aztertu zuten atzo Osakidetzako erditze osteko arretako eta segurtasuneko adituek. 2014tik da indarrean protokolo hori, eta atzo erabaki zuten oraingoz ez dutela hartuko hura indartzeko neurririk, denbora gehiago behar dutelako gertatutakoaren xehetasunen berri izateko. Neurri berriak hartuz gero, horiek «humanizazioaren» eta «segurtasunaren» arteko «orekan» oinarrituta egon beharko dutela azaldu zuten. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuenez, Osakidetzak berriro zabalduko du jaioberrientzako arreta protokoloa amatasun unitateetako profesional guztien artean, haren garrantziaz ohar daitezen.

Haur jaioberriaren bahiketaren gainean galdetu zioten atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari Euskadi Irratian, eta hark berretsi zuen gertatutakoa «larria» dela, baina «ezohikoa». Azaldu zuen Osakidetzako profesionalak beti ahalegintzen direla haur jaioberriak dituzten gurasoei informazio guztia ematen, segurtasunari eta osasunari dagokionez. Osasun sailburuak argi utzi zuen erietxeak «osasun guneak» direla eta «oreka» bat lortu behar dela segurtasun neurrien eta bisitan doazenen artean.

Bestalde, haur jaioberriaren aitak komunikabide batzuei adierazi die ez berak ez bere bikotekideak ez zutela Osakidetzaren inolako protokoloren berri izan. Edizio hau ixtean, bahiketagatik atxilotutako emakumea Deustuko polizia etxean zegoen orain, epailearen esku noiz geldituko zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.