Presoen alde kateatuta

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeetako kideek presoen egoera salatu dute Madrilen eta Parisen, espetxeetako zuzendaritzen egoitzetan

Parisko Justizia jauregian kateatutakoak, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2016ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako espetxeetako arduradun politikoek Madrilen eta Parisen dituzten egoitza nagusietako leiho eta hesietan kateatu ziren atzo, hurrenez hurren, Ernai eta Aitzinako hamalau kide. Ezker abertzaleko bi gazte antolakunde horiek ohar batean azaldu dutenez, ekintza hori egin dute presoek Espainiako eta Frantziako espetxeetan duten egoera salatzeko eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek abiatu berri duten barne eztabaida prozesuari babesa emateko. Iaz ere antzeko protesta bat egin zuten.

Atzo, hainbat orduz egon ziren, poliziak azaldu eta giltzarrapoak apurtu arte. Gazteek erakutsi zituzten presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak, eta elastiko urdin batzuk jantzi zituzten, espainolez, frantsesez eta euskaraz presoen urruntze eta bakartze politiken aurkako mezuekin. Parisen, bi ordu inguru eman zituzten kateatuta, eta gero, atxilotuta eraman zituzten sei lagunak. Madrilen, beste bi orduz izan ziren. Ekintzak iraun zuen denbora osoan han izan zen Polizia. Arratsaldeko lehen orduak arte egon ziren zortzi gazteak lotuta; haiek ere identifikatu egin zituzten, baina ez atxilotu. Protestan parte hartu zutenekin elkartasunez, manifestazio batera deitu zuten Donostian atzo iluntzerako, eta elkarretaratze batera Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.