Bosniako gerrak 30 urte. Egungo egoera

Giroa erabat polarizatuta

Gerraz geroztik izan duen krisi politikorik larrienean da Bosnia eta Herzegovina. Bosniako Serbiar Errepublika estatuko egitura batzuetatik irteteko urratsak egiten hasi da. Ukrainako gerrak are ezegonkorrago bihurtu du egoera.

Emakume bat gerran hildakoen hilobi parean otoitzean, Sarajevon. FEHIM DEMIR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Gerra garaiko etsaitasuna gainditzetik urrun dago oraindik ereBosnia eta Herzegovinako gizartea. Gorroto diskurtsoak eta gerra krimenen goratzeak zauriak dira zaurien gainean. Daytongo Akordioak ezarri zuen sistema politikoa ere atakan dago, Bosniako Serbiar Errepublikak hainbat estatu egituretatik irteteko bidea hasi ondotik. Hori gutxi ez, eta Ukrainako gerrak tentsio are handiagoa eragin du Errusiarekin loturak indartzearen alde daudenen eta Mendebaldearekin elkarlana estutu nahi dutenen artean. Espero izatekoa da giroa oraindik gehiago polarizatzea, urriaren 2an egitekoak diren presidentetzarako eta parlamenturako bozak gerturatu ahala.

Herrialdea gerraz geroztik izan duen krisi politikorik larrienean dago, Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako buruak iazko urrian mehatxu egin zuenetik berezko armada, justizia eta zerga sistema eratuko zituela. Oposizioak independentziarako bidea jorratzea leporatu dio, eta nazioarteko hainbat eragilek kezka adierazi dute, beren iritziz Bosniako etnien arteko etsaitasuna hauspotzen ari delako.

Dodikek iragarritako neurriek urratu egingo lukete Serbiak, Kroaziak eta Bosniak 1995ean sinatu zuten bake ituna. Akordio horren arabera, Bosniako Estatua osatzen duten bi erakunde autonomoek, Bosniako Serbiar Errepublikak eta Bosnia eta Herzegovinako Federazioak, ezin dituzte beren kabuz bereganatu estatuarenak diren eskumenak. Dodikek, berriz, Sarajevori leporatzen dio herrialdea zentralizatzen aritzea, musulmanen eta kroaziarren interesen mesederako.

Serbiarren antzera, autonomia handiagoa aldarrikatu du Dragan Covic Bosniako HDZ alderdi kroaziarraren buruak. Hauteskunde erreforma bat galdegin du, barruti etnikoki puruak eratzeko.

Bosniak askok uste dute litekeena dela gatazka politikoa beste gerra baten atarikoa izatea, eta mobilizatu egin dira Dodiken asmoen kontra. Gogorarazi dute Bosniako indar serbiarrak izan zirela gerra garaian musulmanek jasan zituzten gehiegikerien erantzule nagusiak. Mobilizazio horietan Mendebaldeari eskatu diote 1992an ez bezala garbiketa etnikoa hasi aurretik esku hartzeko.

Gerra 1995ean amaitu zen, baina zatiketa sakona da oraindik ere. Horren erakusle da iazko uztailean sortu zen eztabaida, genozidioaren eta gerra krimenen ukazioa legez zigortzeko neurriak ezarri zituztenean. Musulmanek pozez hartu zuten erabakia, eta serbiar askok kritikatu egin zuten, Srebrenican 8.000 bosniaken hilketa krimen bat izan zela aitortu arren haien iritziz ez zelako genozidio bat izan, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak ebatzi zuenaren kontra.

Debekuak ez du desagerrarazi, baina, genozidioagatik eta gerra krimenengatik zigortutako buruzagi serbiarren goratzea. Horren adibide, urtarrilaren 9an Bosniako Serbiar Errepublikaren eguneko ospakizunak. Ultranazionalisten mobilizazioetan ugariak izan ziren Ratko Mladic Bosniako armada serbiarraren buru izandakoa ohoratzeko leloak.

NATO eta EB

Testuinguru horretan, Dodiken kontrako zigor ekonomikoak onartu zituzten AEBek urtarrilean; ustelkeria, Bosniaren egonkortasuna arriskuan jartzea eta bake itunaren aurka egitea egotzi zioten. Dodikek Errusiaren babesa du, ordea. Moskuren iritziz, Washington Bosniaren etorkizuna kontrolatu nahian ari da, eta estatuko eragileen arteko elkarrizketa oztopatzen. Bi potentzien arteko lehia dela eta, Bosniari bete-betean eragin dio Errusia Ukrainan egiten ari den inbasioak.

Bosniak 2009an formalizatu zuen NATOn sartzeko nahia, baina serbiarrek ez dute urrats hori babesten. Ezta Kremlinek ere. Errusiaren Bosniako enbaxadoreak ohartarazpena egin zion Sarajevori martxoan: Aliantzara batuz gero Moskuk «erantzuteko eskubidea» izango duela.

Babes bila, Bosniak Bruselari eskatu dio azkartu dezala estatua EB Europako Batasunean sartzeko prozesua. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak joan den astean ziurtatu zuen EBk ahalegina egin behar duela Mendebaldeko Balkanetako estatuak blokera lehenbailehen batzeko, Europan segurtasuna indartze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.