I+Gko inbertsioa. Proiektuak enpresetan. Jatorman

Hercules, pieza astunak arin mugitzeko robota

IK4-Teknikerrek eta Altsasuko Jatorman konpainiak beso robotiko berritzailea garatu dute: hiru tonatik gorako piezak modu autonomoan eta zehaztasunez mugitzeko gai da. Merkatuan ez dago horrelako sistemarik.

Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Premia edukitzeak berak pizten du sormena. Eta asmamena hezur-mamitzeko, jakintza behar da. Altsasuko (Nafarroa) Jatorman enpresak izan du premia bat, eta Eibarko (Gipuzkoa) IK4-Teknikerrek lagundu dio garatzen asmakizuna. Lankidetza gakoa da I+Gan. Ingeniaritzako irtenbideetan aditua da Jatorman, eta pieza astunak azkar, seguru eta zehaztasunez mugitzeko gailu baten beharra ikusi zuen duela sei urte. Teknikerrekin batera, ikusmen artifizialaz eta adimenaz hornitutako beso robotiko hidrauliko bat garatu du: Hercules H3000.

Hiru tona arteko piezak zehaztasun milimetrikoz biratzeko, iraultzeko, lerrokatzeko, elikatzeko eta manipulatzeko dago programatuta. Beso robotikoa garabi batera lotu daiteke, eta aukera ematen du pieza astunak tailer osoan mugitzeko.

Eneko Ugalde IK4-Teknikerreko automatizazio eta robotika industrialeko koordinatzaileak azaldu duenez, Hercules H3000ak ekoizpen kostuak eta denborak murriztea ekar dezake. «Orain arte, aeronautikako piezak makina batetik bestera mugitzeko garabiak erabiltzen dituzte sokak lotuaz, eta denbora asko galtzen da. Beso robotikoarekin produkzio eta langile aldetik aurreztu daitekeena izugarrizkoa izan daiteke».

«Merkatuan ez dago horrenbesteko pisuak modu autonomoan mugi ditzakeen sistemarik», azpimarratu du Ugaldek. «Kalkuluen arabera, pieza baten produkzioa hamabi ordukoa bada, bederatzi ordura jaitsiko litzateke, karga eta deskarga automatikoari esker». Pieza bat bere tokian jartzeko, lau ordu behar dira orain; Hercules H3000rekin, ordubete baino ez da beharko. Lehiakortasuna irabazteko aukera handia dakar.

Robota garabiari lotutakoan, modu autonomoan funtziona dezake lantegian, eta langilea soilik ikuskatzailea litzateke. Lantegian tona batetik gorako piezak mugi ditzakeenez makinen eta pertsonen gainetik, ezinbestekoa da segurtasuna. Ugaldek dio bermatuta dagoela pertsonen eta makinen segurtasuna. «Sentsoreak eta radarrak jarri ditugu istripurik ez edukitzeko».

Jatorman batez ere eolikoaren sektorean aritzen da, pisu handiak mugitzen dituzten tailerretan, eta horrelako robot bat izatea garrantzitsua zaio merkatuan indar gehiago hartzeko. Behin teknologia berria sortuta, urte batzuk barru bezeroei eskaini nahi die: Gamesa, Vestas eta antzeko multinazionalei.

Hasieran, bezero horiek zeuzkan buruan, baina jabetu da beso robotikoaren merkatua askoz zabalagoa izan daitekeela, Ugaldek kontatu duenez. Biltegi automatikorako soluzioak egon badaude, baina pieza txikietarako. Jatormanen robota, ordea, erabil daiteke beste sektore batzuetan ere, biltegietan autoak automatikoki mugitzeko, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.