«Manipulazioa» da oro

Gipuzkoako Diputazioak txosten bat plazaratu du 'Bidegi auziari' lotuta aurkeztutako datuak auzitan jartzen dituena.

Epailearen esku ipini du
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2016ko urtarrilak 22
Agerraldi arrunt garrantzitsua zela agerian utzi nahi izan zuen atzo goizean Donostian eskaini zuen prentsaurrekoan Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituratako diputatu Aintzane Oiarbidek. Saileko arduradun nagusiak alboan zituela mintzatu zen Bidegi auzia deitu denari buruz: Errepidetako zuzendari Silvia Perez, Errepideetako Kudeaketa eta Plangintzarako zuzendari Mikel Uribetxebarria eta Bidegiko zuzendari Alfredo Etxeberria mahaikide izan zituen. Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen AP-1 errepideko obretan Arlabango tunela egitean ustez egon ziren irregulartasunen harira aurreko legealdian —EH Bilduren agintepean— foru diputazioak berak ipinitako kereila gogor kritikatu zuen. Izan ere, aldundiak eskatuta hiru adituk egin berri duten txosten baten arabera, kereila defendatzeko eman ziren datuak «manipulazioaren» emaitza direla esan zuen. «Intentzio osoz manipulatutako datuak aurkitu dira».

Txosten tekniko berria tunelen eraikuntzan esperientzia handia duten adituek egin dutela azaldu dute aldundiko ordezkariek, eta, ondorioz, erabateko fidagarritasuna duela. Nolanahi ere, auziaren gaineko azken hitza justiziak izango duela nabarmendu zuen Oiarbidek. «Epailearen esku utzi dugu txostena. Konfiantza osoa dugu harengan». Epaileak hots egiten dienean txostenaren egileak deklaratzera ere joango direla azaldu zuen diputatuak.

Arlabango obrari buruzko kereila Azpeitiko epaitegian dago, Bidegiren bulegoak Zarautzen daudelako, eta auzitegi hari dagokiolako kasua aztertzea. Aldundia kereila jartzailea izan zen auzibidearen hasieran, baina Bilduk agintea galdu eta berriz jeltzaleen esku geratu zenean, aldaketa egin zuten horiek: akusazio partikular gisara dago egun diputazioa. Espero izatekoa zen atzo aurkeztutakoaren gisako txostenen bat ere: jeltzaleek beti ukatu dituzte salatutako irregulartasunak. Kereilaren arabera, 17,1 miloi euro bidegabeki erabili ziren tunela egitean, baina EAJko ordezkariek sarri askotan salatu dute «gezurretan» oinarrituta daudela auzibidearen harira emandako zifrak.

«Ezjakintasunaren» isla

Eta jeltzaleek usu esan duten hori bera defendatzera dator atzo aurkeztu zuten txostena. Kereilarekin aurkeztu zen txosten teknikoan ikusiriko «okerrak» zerrendatzen ditu. Eta zenbait akats, gainera, «erabateko ezjakintasunaren» emaitza direla jartzen du: esate baterako, behin-behineko ordainketak eta azken likidazioa —obrak bukatutakoan eginikoa— nahasten direla ohartarazi dute; azaldu dutenez, horregatik ezin dira ulertu hainbat zifra. Halaber, nabarmendu dute obretan sarri izaten diren ezusteko gorabeherak ez direla aintzat hatzen kereilako txosten teknikoan. Horren adibide bat, Oiarbideren hitzetan: «Arlabango tunela egiterakoan 144 luizitik gora egon baziren ere, kereilaren txostenean hogei besterik ez dira jasotzen». Horregatik, txostenaren arabera, kereilarako aurkeztu ziren neurketak ezin dira ontzat hartu. «Errealitatetik oso urrun daude, eta ezin dira hartu benetan exekutatutakoak bezala».

Denera bost lagun daude auzipetuta kereilaren harira: Bidegiko hiru buruzagi ohi, ingeniaritza enpresa bateko buruzagia eta obrak egin zituen enpresen taldeko ordezkari bat. Oiarbideren aburuz, auzia lehenbailehen argitzea nahi dute, bereziki, horiek gogoan dituztelako: «Haiexek dira kaltetuenak». Halaber, esan zuen behin justiziak bere bidea egin eta gero ez dutela baztertzen erantzukizunak eskatzea: kereilaren txostena egin zuen enpresaren lana zein Bilduko agintariek izan zuten jarrera auzitara jotzeko modukoak izan daitezke, Oiarbideren ustez. Baina oraindik ez daukate deus erabakita: «Hori guztia aztertu egin beharko da». Bilduren agintaldian kereila bat aurkeztu zen, halaber, Arrasate-Eskoriatza errepide zatian atzemandako ustezko irregulartasunen harira; horren gaineko txosten tekniko bat ere egitera doaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna