Europak 2020rako jarritako birziklatze tasa lortu du jada Gipuzkoak

Hondakinen %52,4 birziklatu dira, diputazioaren 2018ko txostenaren arabera. Ontzietan eta bio-hondakinetan oraindik ez da helburua lortu

Europak 2020rako jarritako birziklatze tasa lortu du jada Gipuzkoak.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Diputazioak emandako datuen arabera, Europako Batasunak 2020rako jarritako birziklatze tasa gainditu du Gipuzkoak jadanik. Hondakin bilketari dagozkion iazko datuak eman ditu Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. 2018an, herrialdeko hondakinen %52,4 birziklatu ziren. Bi urte barrurako gutxienez hondakinen erdiak birziklatzea da Europako Batasunaren helburua. Azken hiru urteetan, 10,2 puntu handitu da birziklatze tasa. Datuak «oso onak» direla azpimarratu du aldundiak, eta uste du Gipuzkoan indarrean dagoen kudeaketa eredua «egokiena» dela herrialde historikoan sortzen diren hondakinei tratamendua emateko. Asensioren esanetan, Gipuzkoako erraustegia eta gainerako azpiegiturak martxan jartzean, eta gaikako bilketari esker, «epe laburrean» gaindituko du Gipuzkoak %60ko birziklatze tasa. 2035erako %65era igo du Europako Batasunak helburua.

«Helburuak beteko ditugu 2020rako», adierazi zuen Asensiok iaz. Eta orokorra bi urte lehenago bete duten arren, hondakin mota batzuetan oraindik lan egin beharko dute, datorren urtera behar bezala iristeko. Hazkunde esanguratsuenak bio-hondakinen eta ontzien birziklatzean gertatu dira: 4,6 eta 3,2 puntu igo dira hurrenez hurren; %66ra eta %45era. Baina, hain zuzen ere, bi kasu horietan oraindik Gipuzkoa ez da Europak ezarritako mailara iritsi: helburutik 5,1 puntura dago bio-hondakinenetan; 4 puntura ontzietan.

Bosgarren edukiontzia

Gaikako bilketaren datuekin ere pozik dago diputazioa. Hirugarren urtez errefusa baino gehiago dira gaika bildutako hondakinak. Hondakinen sorrera %1 hazi da urtebetean. 328.609 tona sortu zuten iaz. Hala ere, errefusak 11.000 tona egin du behera. Gaikako bilketaren tasa, berriz, 2017an baino 3,83 handiagoa izan da: %56,9koa. Bereziki bio-hondakinetan igo da gaikako bilketa: 12,3 puntu egin du gora. Izan ere, 46.286 tona bildu dira, 2017an baino 5.863 gehiago. Asensioren ustez, igoera horrek bosgarren edukiontziaren «eraginkortasuna egiaztatzen du», atez ateko sistemaren aldean. «Herritarren konpromisoa» eskertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.