maddi ane txoperena iribarren
ANALISIA

Saihetsezina ez den gaitza

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Martxoaren 8a pasatu berritan eta jende guzia koronabirusarekin aztoratuta dabilela, jada berria egiten ez den albiste lazgarria ailegatu da Euskal Herrira. Bi emakume, ama-alabak, hilda atzeman dituzte Abantoko etxe batean. Ez da zaila asmatzen hilketak egin izana aitortu duen gizonezkoak zein lotura zuen bi andreekin: baten mutil laguna eta bertzearen aita zen. Indarkeria matxista, berriro ere. Hurbilekoa.

Bi hilketa horiek etenik ez duen zerrenda baten azkeneko bi izenak dira. Azkenak, oraingoz. 2003an kontaketa egiten hasi zirenetik 104 baitira jada Euskal Herrian hildako emakumeak. Eta ezerk ez du erraten ez direnik gehiago izanen, etenik ez baitu indarkeria matxistak: tantaka iristen dira kasu entzutetsuenak, baina etengabe.

Ez da heriotza azkarra eragiten duen gaitza, baina gizartearen barrenean dabil, kalean zein etxean, ikastetxe zein lantokietan; bidea egiten, isilean. Umetatik sartzen da pertsonen barnera: hezkuntzatik. Eta pixkana doaz denak kutsatzen, baldin eta prebentzio neurririk hartzen ez bada. Sintoma txikiak ager daitezke hasieran: irainak, begiradak, debekuak. Handituz doazenak batzuetan: ukituak, abusuak, erasoak. Eta kasurik okerrenean, heriotzara arte.

Indarkeria matxista ez da saihetsezina den gaitz bat, ordea. Gizarte-gaitza baita, gaitza izatekotan; eta ez eritasuna. Ez baita zerutik erori eta oharkabe datorren zerbait; gizartean gizonek emakumeekiko dituzten botere harremanek ahalbidetzen duten zerbait baizik: hots, ezberdintasun materialek —soldata arrakalak, kasurako—, eskubide gabeziak, indarkeria sinbolikoak —komunikabideetakoak, adibidez—. Eta, hala den heinean, sendabidea du: eskoletan, kalean, lantokietan eta etxean botere harreman horiek errotik erauzita, gizarte osoak ardura hartuta. Horretarako, ordea, duen larritasuna eman behar zaio. Eta ez dirudi hala denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.