Koronabirusa

Dendariek haserrea erakutsi dute Baionan

Eguberri garaia heldu, baina komertzioak hetsiak. Beharrezkoak ez diren dendak eta ostatuak ixteko erabakia hartu zuen Parisek iragan astean. Merkatari anitz kezkaturik agertu dira, eta neurriak eskatu dituzte.

Bostehun lagun inguru bildu ziren atzo Baionan, denda guztien irekiera eskatzeko. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Zazpi egun pasatu dira Frantziako Gobernuak itxialdia ezarri zuenetik. Udaberrikoa baino malguagoa da oraingoa, baina tokiko komertzioak eta ostatuak hetsiak dira iragan ostiraletik. Haserrea zabaldu da dendarien eta ostalarien artean, eta atzo 500 bat lagun bildu ziren Baionako suprefetura aitzinean, Denda guziak ireki lelopean. Komertzio txikiak irekitzeko eskatu zioten Frantziako Gobernuari, eta haren ordezkari Herve Jonathan suprefetarekin bildu zen dendarien ordezkaritza bat, protesta egin ondotik.

«Lehen aldia da manifestazio batean parte hartzen dudala». Horrela hasi zuen hitzaldia Cathy Gueguenek; Occitane dendaren jabea da, BAB2 zentro komertzialean. «Guk lan egin nahi dugu, Jean Castexek [Frantziako lehen ministroak] erabaki zuen beharrezkoak ez diren komertzioak ixtea. Baina nor da bera gu beharrezkoak ez garela erabakitzeko?», eskatu zuen, haserre, erresumina erakusten zuten hitzekin: «Usaian, gutxiago lan egin nahi dutenek egiten dituzte manifestazioak; guk, alderantziz».

Oroitarazi zuen laster helduko dela Eguberria, eta «kalte handiak» izanen dituztela ezin badituzte saltokiak ireki. Izan ere, Eguberriko produktuak manatuak dituzte saltzaileek dagoeneko, eta saldu ezinik egonen diren beldur dira. «COVID-19ak beste molde batez hilko gaitu gu, komertzio txikiok», deitoratu zuen Gueguenek, bukatzeko.

Castexek iragan igandean neurri batzuk hartu zituen «komertzio txikien» sostengatzeko. «Baitezpadakoak ez diren» produktuak saltzea debekatu zien supermerkatuei. Baina, antolatzaileen ustez, neurriak ez du zentzurik. Serge Isteque Komertzioen Bulegoko lehendakariak azaldu zuen «are kaltegarriagoa» dela neurria. «Supermerkatuei debeku horren ezartzeak erran nahi du herritarrek Amazonen manatuko dituztela produktuak».

Suprefetura aitzinean bildutako ehunka dendarietako batek «desobeditu behar dugu!» oihukatu zuen mintzaldiak bukatzear zeudela. Antolatzaileek bat egin zuten galdearekin, eta dendak «irekitzera» deitu zituzten lankideak. Hala ere, oraindik antolatzekoa dute mobilizazioaren segida, eta erran zuten «suprefetarekin egindako bileraren ondotik» hartuko zituztela erabakiak.

Giroa, ozpindua

Andre Gareta Merkataritza eta Industriaren Ganbarako lehendakaria ere bildu zen protestara. Mikrofonoa hartu, eta dendariei hitz eman zien Frantziako Gobernuari «laguntzak handitzeko» eskatu ziola, gutun baten bidez. «Ustela!», bota zion publikoko gizon batek: «Ez dugu laguntzarik nahi, Frantziako Estatuak engainatu nahi gaituelako: guk lan egin nahi dugu». Tentsioak ere izan ziren, oihuka hasi baitzitzaion publikoa Garetari. «Astoa!», oihukatu zion Garetak gizonari, ordainez, eta ihes egin zuen mobilizaziotik. Ipar Euskal Herriko auzapezei dei egin zieten, azkenik, «komertzioak irekirik uzteko» neurriak har ditzaten, Frantziako Estatuko hainbat lekutan egin duten gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.