Helmuga bera duen bidaia luzeago bat

Espainiako Gobernuak bigarrenez ekingo dio Marokotik Ceutara iritsitako 700 adingabeak kanporatzeari. Pedro Sanchez presidenteak iragarri du prozesuan Atzerritarren Legea beteko dutela.

Dozenaka migratzaile gazte Tarajalgo hondartzan, Maroko eta Ceuta artean, iragan maiatzean. BRAIS LORENZO / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako presidente Pedro Sanchezek argi du: «Estatuaren baliabide guztiak erabiliko ditugu maiatzean Ceutara iritsitako 700 adingabeak Marokora bidaltzeko». Gobernuko presidenteak horrela eman zuen erabakiaren berri asteazkeneko bileraren ostean; Ceutako presidente Juan Jose Vivasekin elkartu zen, bakarrik migratu zuten nerabeekin zer egin adosteko. Antza, adingabeak Espainian geratzea ez zetorren bat agintarien asmoekin.

Ceutako Administrazio Auzitegiaren ikerketaren arabera, Vivasen Gobernuak legez kanpo kanporatu zituen dozenaka adingabe abuztu hasieran. Epaileek Atzerritarren Legea haustea leporatu zioten Ceutako Gobernuari. Horrenbestez, kanporatzeei ekiteko baldintza bat bete beharko du gobernuak: Atzerritarren Legeak agindutako urratsak egin beharko ditu. Giza Eskubideen Aldeko Andaluziako Elkarteko abokatu Diego Bozak legearen xehetasunak argitu dizkio BERRIAri.

Atzerritarren Legeak —ofizialki Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzko Legea— baimentzen du atzerritarrak Espainian sartzea eta bertan egotea, eta aitortzen zaizkien eskubideak eta askatasunak arautzen ditu. Legeak 71 artikulu ditu, eta, horietako batean, zehaztuta daude atzerritarren kanporatze prozesuetan Espainiako Gobernuak egin behar dituen urratsak.

Hain zuzen, araudiko 35.5 artikuluaren arabera, Hiri Autonomoko Gobernu Ordezkaritzak—Ceutako Gobernuak, kasu honetan— prozedura bat hasi behar du adingabe bakoitzaren egoera aztertzeko, eta prozedura horren berri eman behar die adingabearen tutoreari, Fiskaltzari eta adingabeari, nerabea bere jaioterrira itzultzea egokiena den alega dezaten. Adingabeek, beraz, eskubidea dute prozesuan parte hartzeko, eta prozesu judizial zein administratiboetan beren iritzia emateko.

Abuztu hasieran egindako kanporatzeetan, ordea, nerabeen eskubide horiek guztiak urratu zituztela salatzen du Bozak: «Barne ministro Fernando Grande-Marlaskaren lantaldeak eta Vivasen Gobernuak urrats guztiak saihestu zituzten. Nerabeek ez zuten kanporatzearen berri izan; ez zuten bakoitzaren kasua banan-banan aztertu. Egindakoa adingabeen kanporatze azkar eta trakets gisa kalifika dezakegu».

Bozaren ustez, legeak atzerritarrak babesten dituzten giza eskubideen arloko bermeak ezartzen baditu ere, irizpide diskriminatzaileak ezartzen ditu; izan ere, «Espainiako nazionalitatea duten pertsonei trataera berezia ematen die atzerritarren aldean». Horregatik, Bozak eta haren kideek uste dute Atzerritarren Legea aldatu egin behar dela. Hala ere, haren hitzetan, «ezin dugu onartu komeni zaionean Gobernuak bere arauak haustea».

Madrilek, beraz, martxan jarriko du Marokotik iritsitako 700 migratzaile adingabe Espainiatik kanporatzeko prozesua. Sanchezek eta Vivasek adierazi zuten «legearen arabera» jardungo dutela, eta, beraz, kanporatze prozesuak luzerako joko duela; oraingoz ez dute iragarri deportazioak noiz amaituko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.