Israelgo indar armatuek 240 palestinar hil dituzte zortzi hilabetean, iaz

ander perez zala
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Palestinar bat 31 ordutik behin. Iazko martxoaren 30etik azaroaren 30era, Gazan egindako Itzuleraren Martxa Handia-k iraun bitartean, Israelgo segurtasun indarrek 190 palestinar hil zituzten, eta 25.000 inguru zauritu. Horrez gain, indar armatuek gutxienez beste 50 bat hil zituzten, martxa horrekin zerikusirik ez zuten ekintza edo gertakarietan. Beraz, gutxienez 240 palestinar hil zituzten zortzi hilabetean; beste aldean, soldadu israeldar bat hil zuten.

Hildakoen adinari dagokionez, horien arteko gazteena 11 urtekoa zen, eta zaharrena, 65ekoa, Middle East Eye-k jakinarazi duenez, Gazako Osasun Ministerioaren datuak oinarri hartuta. Hildakoen batez besteko adina 24,5 da; izan ere, martxan hil zituzten 190etatik 117, erdiak baino gehiago, 19-29 adin tartekoak ziren.

Hilabeteei erreparatuz gero, Israelen indar armatuek maiatzean hil zuten palestinar gehien: 73. Egun berean hildakoen kopuru handiena maiatzaren 14an izan zen, AEB Ameriketako Estatu Batuek euren enbaxada Jerusalemen ireki zutenean: egun horretan 68 palestinar hil zituzten —horietako 54 egunean bertan hil ziren; gainontzekoak, ospitalean, geroago—. Hilabete lehenago, apirilean, 25 hil zituzten; urrian, 22; irailean, 20; eta martxoan 19. Horiek izan ziren hilabete odoltsuenak, martxak iraun zuen zortzi hilabeteetan.

Hildakoen artean daude, besteak beste, Palestinako taldeetako kideak PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontekoak eta Jihad Islamikokoak—, kazetariak, medikuak, laborariak eta haurrak.

Beste joera baten zantzuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.