Aurrez aurre mehatxatu ditu

Trumpek NBEren Segurtasun Kontseiluan esan du «ondorio larriak» izango dituztela AEBek Irani ezarritako zigorrak betetzen ez dituztenek. Soilik zigorretara ez jotzeko eskatu dio Macronek, kritiko

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluan hitz egin ondoren. JUSTIN LANE / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Donald Trumpek tonu mehatxagarrian adierazten ditu ahoratzen dituenak. Dela Twitter bidez, dela mitin batean, dela prentsaurreko batean. Berdin du non, noiz eta nola. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan mintzatu zen atzo, ordea, suntsipen handiko armen hedapena hizpide izan behar zuen saioan. Eta, bezperan erakundearen batzar nagusian egin bezala, AEBetako presidenteak defendatu zuen Irani zigor ekonomikoak ezartzen jarraitzea, are horiek «gogorragoak» izatea. Eta, bide batez, mundu guztia, baina batez ere Segurtasun Kontseiluko gainontzeko kideak, aurrez aurre mehatxatu zituen, esan zienean «ondorio larriak» izango dituztela AEBek Irani jarritako zigorrak betetzen ez dituztenek.

Parean zituen Segurtasun Kontseiluko beste lau estatu kide iraunkorretako ordezkariak—Frantzia, Errusia, Erresuma Batua eta Txina—. «Desastre hutsa» dela iritzita, Etxe Zuriko maizterrak 2015ean Iranekin sinatutako itun nuklearretik atera zuen bere herrialdea joan den maiatzean. Beraz, Irani zigorrak berrezarri zizkion abuztuan.

Errusia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Txina dira akordioaren gainontzeko sinatzaileak, eta batere gustatu ez zitzaion albiste bat eman zioten herenegun Trumpi. Iranekin negozioak egiten segitu nahi duten enpresek AEBen zigorrak pairatu ez ditzaten, herrialde horiek ordainketa sistema alternatibo bat hitzartu dute. Hori dela eta, atzo goizaldean Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak nabarmendu zuen «erabateko desengainua hartuta» dagoela. «Aztoramendu sentipen batek hartu nau». Eta akordioa nola edo hala eragozteko ahalegin horretan, Trumpek AEBekin lan egitera deitu zituen Segurtasun Kontseiluko gainontzeko kideak, «bermatzeko Iranek inoiz ez duela edukiko bonba nuklear bat».

Trumpek Emmanuel Macronhartzen du EB Europako Batasuneko solaskidetzat, baina, hitza hartu zuenean, Frantziako presidentea kritiko agertu zen Etxe Zuriarekin jarrerarekin: «Uste dut epe luzerako estrategia bat egin beharko genukeela elkarrekin, eta auzia ez dela konpontzen bakarrik zigorretara joz».

Bi hilabete ere ez dira Trumpek Irani elkarrizketa bat eskaini ziola. Teheranek erantzun zion horretarako AEBek itun nuklearrera itzuli beharko luketeela. Hassan Rohani Irango presidentea New Yorken dago, NBEren Batzar Orokorrean parte hartzen, baina Trumpek muzin egin dio harekin biltzeari, adierazi duen arren, bere ohiko estiloan, «morroi maitagarri bat» dela. Iruditzen zaio, hori bai, Iranek «heriotza, kaosa eta suntsipena» eragiten dituela, eta Teherango liderrek herrialdearen baliabideak «harpilatzen» dituztela aberasteko eta «kaosa» Ekialde Hurbilera hedatzeko.

Rohanik ez zuen Trumpek bezala jokatu nahi izan Batzar Orokorrean hitz egitea tokatu zitzaionean, baina adierazi zuen AEBetako presidentea «jazarroia» dela. Gaineratu zuen AEBak «okerreko politikak» sustatzen ari direla. Bide batez, eskerrak eman nahi izan zizkien Macroni eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari, itun nuklearra babesteagatik.

Eta AEBetako presidenteak gogor egin zuen atzo Txinaren kontra ere. Leporatu zion «manipulatu» egin nahi dituela AEBetan egingo dituzten legebiltzarrerako hauteskundeak. Wang Yi Txinako Atzerri ministroak erantzun zion «justifikaezina» dela akusazio hori.

Eta beste titular bat ere eman zuen Trumpek: azpimarratu zuen «bi estatuen aukeraren aldekoa» dela Israel eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko.

Madurorekin biltzeko prest

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak gaur hitz egingo du NBEren Batzar Orokorrean, eta Trumpek esan zuen harekin bildu «nahi» duela. «Venezuelarekin, aukera guztiak daude mahai gainean, baita militarra ere», gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.