Gailurretaraino heldu da berotzea

Pirinioen paisaia eta bizitza aldatzen ari dira, klima aldaketaren eraginez. Landareak eta animaliak gorago ari dira bilatzen habitat berriak, eta sektore ekonomikoetan ere ondorioak nabarmenak dira. Froga zientifikoak batu dituzte txosten batean, eta aurrera begirako aurreikuspenak eman.

Iñaki Petxarroman -

2018ko azaroak 17
Udan gertaera batek atezuan jarri zituen Frantziako hedabideak. Midi de Bigorren (2.878 metro, Okzitania) 108 egun pasatu zituzten 0 gradutik gorako tenperaturarekin. Erregistroan datuak bildu dituzte 1882. urtetik, eta sekula ez zen horrelakorik gertatu. Aurreko errekorra 77 egunekoa zen, 1999. urtekoa. Pirinioak pairatzen ari diren tenperatura igoerekin lotu zuten gertakaria adituek, baina, mediatikoa izanik ere, datu puntuala izan zitekeen hori, bestelako ebidentzia batzuk izan ez balira.

Klima aldaketaren froga zientifikoak aurkeztu ditu OPCC Pirinioetako Klima Aldaketarako Behatokiak Klima aldaketa Pirinioetan: eragina, zaurgarritasuna eta egokitzea izeneko txostenean. CTP Pirinioetako Lan Komunitateak sortu du OPCC, eta, besteak beste, Nafarroako Gobernuak, Jaurlaritzak eta Akitania Berriak parte hartzen dute, Espainiako, Frantziako, Andorrako eta Herrialde Katalanetako beste erakunde batzuekin batera.

Lehen datua: 1949tik 2010era, 1,2 gradu berotu da mendikateko batez besteko tenperatura. Hau da, munduko batezbestekoa baino %30 gehiago. Auñamendietan izan dira iraganean aro beroak eta hotzaldiak, baina azken hamarkadetakoa inoizko «prozesurik bizkorrena» izaten ari da. Euria ere gutxiago egiten du. Azken 50 urteotan, %2,5 prezipitazio gutxiago izan da, batez beste, hamarkada bakoitzeko. Bereziki udan eta neguan sumatu dute aro lehorragoa, eta, gehienbat, mendikatearen hegoaldean. Elurra ere gutxiagotzen ari da hamarkadaz hamarkada.

ETORKIZUNEKO JOERAK

Etorkizunean joera horiek berretsi eta areagotuko dira, adituen ustez. Besteak beste, tenperaturaren igoera. Hipotesi ezberdinak dituzte, batzuk baikorragoak eta besteak ezkorragoak. Alabaina, hipotesi guztietan aurreikusi dituzte tenperatura altuagoak. Hipotesirik ezkorrenaren arabera, 2030erako 1 eta 2,7 gradu artean igoko da gehieneko tenperatura, eta 0,9 eta 2,2 gutxienekoa, 1961-1990eko aldiarekin konparatuz. Mende erdirako, berriz, 2 eta 4 gradu gehiago igoko da gehienekoa, eta 1,7 eta 3,3 gutxienekoa.

Prezipitazioei dagokienez, eredu ezberdinak daude: batzuek prezipitazio gehiago iragartzen dute, eta beste batzuek, aldiz, gutxiago. Denak bat datoz gauza batean, ordea: elur gutxiago egingo du. Horrela, Pirinioen erdialdean, 1.800 metroko garaieran, egungo elur lodieraren erdia izango da mende erdirako. 1.500 metrotik behera %78 gutxitu daiteke elur pilaketa mendearen azken zatian.

ERAGINA SEKTORE BIOFISIKOETAN

Klima aldaketa eragiten ari da mendiko ekosistemetan, faunan eta landaretzan. Pirinioetako glaziarren erdiak desagertu dira 1980ko hamarkadatik, eta geratzen diren hemeretziak ere bide beretik joan daitezke hurrengo hamarkadetan, besteak beste, ikur diren Ossoue (Vignemale), Perdido, Maladeta eta Aneto...

Glaziarretan ez ezik, kalteak izan daitezke goi mendietako aintziretan ere. Udako eta udazkeneko beroaldiek eta prezipitazio faltak eragin handia izan dezakete ur emarietan, akuiferoetan, eta, beraz, kontsumorako, energia sortzeko eta nekazaritzarako horniduran. Akuiferoen ur kopurua %20 txikitu daiteke mende erdirako, txostenaren arabera.

Panorama horrek eragina izan du animalietan eta landaretzan. Pirinioetako uhandrearen populazioa nabarmen jaitsi dela sumatu dute urte beroetan, eta goi mendietako txori batzuek ere gero eta zailago daukate orain arteko kopuruei eustea, besteak beste, eper zuriek. Hegazti migratzaileek zortzi egun aurreratu dute itzulerako bidaia 1959tik, eta, oro har, espezie guztiek gorago jo dute habitat egokien bila. Oro har, Europan hamarkada bakoitzeko 11 metro gorago joaten ari dira animaliak, berotze orokorra nabarmentzen hasi denetik.

Zientzialariek, gainera, ohartarazi dute klima aldaketa kalte egiten ari zaiela intsektu polinizatzaileei, eta horrek ondorioak izan ditzakeela ekosistemetan. Aldi berean, izurrite batzuk eta espezie inbaditzaile batzuk gero eta toki gehiagotara iristen ari dira, besteak beste, pinuaren prozesionaria.

Basoak zabaltzen ari dira, ordea. Esate baterako, azken 50 urteotan 35 metro gorago hedatu da basoen eremua Pirinioetako hego hegian. Goi mendietako larreen abandonatzeak eta berotze globalak eman dute horretarako aukera. Edozein kasutan, zientzialariek ohartarazi dute lehorte luzeek eta suteek eragin itzela izan dezaketela etorkizunean.

ERAGINA SEKTORE EKONOMIKOETAN

Antzemango dute klima aldaketa Pirinioetako sektore ekonomikoetan ere. Turismoari dagokionez, esaterako, kinka are larriagoan jarriko du eski estazioen negozioa. Dagoeneko sumatu dute. Altura apaleko estazioetan bost eta 55 egun artean atzeratu da denboraldia hasteko garaia, eta bost eta 30 egun artean estazio garaietan. 1960tik 2010era %5 eta %70 artean gutxitu dira elur lodiera 30 zentimetrotik gora den egunak.

Nekazaritzan ere nabaritu dute. Zerealetan kalte handia ekartzen ari da, bereziki uda partean gero eta gehiago izaten diren beroaldi eta lehorteen eraginez. Larreak eta animaliak eurak ere pairatuko dute bero lamaden kaltea. «Oso litekeena da abelburuen estres termikoa ohikoagoa eta gogorragoa izatea». Energia hidraulikoarentzat ere ez dira aurreikuspen onak, bereziki udan eta udazkenean.

Izan ditzake onurak ere, ordea: udako turismoa indar daiteke, eguzki energiaren ahalmena %10 handiagoa izan daiteke mende erdirako, eta zenbait laboreren ekoizpena ere haz daiteke: mahatsa eta oliba, esate baterako.

Aldiz, gero eta sarriago espero dira muturreko gertakariak —elur jausiak, uholdeak, harkaitz eta lur jausiak—, eta haiek kaltea egingo diete azpiegiturei, pertsonei eta ehun ekonomikoari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna