Argentinako nortasun agiriak genero identitate ez-binarioak aitortuko ditu

Gobernuak 'x' hizkia gehitu die 'maskulino' eta 'femenino' markei. Argentina Latinoamerikako herrialdeen artean lehena da hori egiten

Dekretua aurkezteko agerraldia, Buenos Airesen. EFE.
Erredakzioa
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Beren burua genero sistema binariotik kanpo kokatzen dutenek hala adierazi ahalko dute Argentinako nortasun agirian. Gobernuak maskulino eta femeninomarkei hirugarren aukera bat gehitzea onartu du, eta, hala, urrats hori egin duen Lationamerikako lehen herrialdea bihurtu da. Alberto Fernandez presidenteak eman zuen erabakiaren berri, atzo, eta buletin ofizialean publikatu zuten handik gutxira.

Nortasun agirian eta pasaportean, orain arteko sexu kategoriaren barruan, hiru hizki aukeratu ahalko dira: F, M eta X. Azken hori da genero identitate ez-binarioak aitortzeko dekretu berriak ezarritakoa.

LGTBI komunitatearen alde jarduten duten gizarte erakundeak pozik agertu dira identitate ez-binarioak nolabait jaso ahal izatearekin, baina, hala ere, gobernuak kritikak jaso ditu hori erregistratzeko moduarekin. Dekretu berria iragartzeko ekitaldian bertan, herritar batek desadostasun hori erakutsi zuen, «ez gara x bat» oihukatuz. Protesta horri erantzunez, Fernandezek aitortu zuen badirela pertsona ez binarioen identitateak jasotzeko «beste modu batzuk», baina zehaztu zuen sistema ez-binariotik kanpo geratzen diren guztiak x horren barruan sartuta daudela, eta Argentina atxikita dagoen nazioarteko hitzarmenetan oinarritu dutela erabakia. «Aurrerapen bat da; ez genioke horri uko egin behar».

Urrats gehiago egin beharraz ere mintzatu zen, «nortasun agirian inori gizona, emakumea edo dena delakoa den galdetzeari uzten zaion artean».

Haren gobernukideek ere hitz egin zuten erabakiaz. Elizabeth Gomez Alcorta Emakume, Genero eta Aniztasun ministroak adierazi zuen gobernuaren «proiektu politikoaren identitatearen parte» dela «eskubideak handitzea eta aitortzea». Cristina Fernandez egungo presidenteordeak ildo horretan kokatu zituen bere agintaldian hartutako erabakiak; hala nola Genero Identitatearen Legea sustatu izana eta gay eta lesbianen arteko ezkontza legeztatu izana. «Bere lehen legealdian eskubideak zabaldu ziren, modu izugarri batean. Ondoren, gu etorri ginen, eta horretan jarraitzen dugu», adierazi zuen Gomez Alcortak. Dena den, azpimarratu zuen atzo iragarritako neurria ez dela «bidearen amaiera», indarrean baitaude «patriarkatua eta praktika diskriminatzaileak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.