ITUNAREN ONDORIOAK

2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoak makina bat alorretan izango du eragina, AEBek eta Europako Batasunak hasitako negoziazioak bururaino eramaten badira. Mahaian diren atal nagusien eta akordioak izan ditzakeen arriskuen errepaso zabala egin du Mikel de la Fuentek, EHUko Lan Harremanen Eskolako irakasle eta Zuzenbide doktoreak.

Lan esparrua

Bermeak mugatu. Ezarri ahal den lan araudia ahalik eta gehien mugatzea erraztuko luke akordioak. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak ezarritako hitzarmenetatik oso gutxi berretsi dituzte AEBek: guztira, 189 itunetatik hamalau baino ez. Are gehiago, OITren oinarrizko zortzi araudietatik bi baino ez dituzte indarrean. De la Fuentek susmatzen du gutxienekora jotzeko borondatea dagoela, hala nola ordezkaritza kolektiboan, askatasun sindikaletan eta greba eskubidean. Egitura horrek enpresen deslokalizazioa erraztuko luke, irakaslearen aburuz.

Arau teknikoak

Berme gutxiago. Segurtasun, kalitate edo osasun bermeak ematen dituzten araudiak nola bateratu aztertzen ari dira. EBn, oraingoz, «arreta printzipioa» gailendu da: alegia, produktu bat segurua dela egiaztatu arte ezin da salgai jarri merkatuan. AEBetan kontrako jarrera dago: salmentak baimendu ohi dira produktua kaltegarria dela frogatu arte. «Elikagai sektorean ondorio latzak ditu», ohartarazi du De la Fuentek. Hala, urtero 3.000 hildako daude AEBetako janari ezegokien ondorioz, eta beste milaka zauritu, eta 73 hildako baino ez EBn. Produktuen jatorriari buruzko informazioak zein izan behar duen eta nola jakinarazi behar den ere negoziatuko da (transgenikoak, eta abar)

Arauak berdindu. Ez die soilik kontsumitzaileei eragiten: Europak, oro har, berme gehiago ditu lan segurtasunean eta osasunean. Hor ere aldaketak izan litezke.

Zerbitzu publikoak

Pribatizazioa xede. Negoziatzeko zerbitzuen zerrenda luze bat ari dira osatzen; besteak beste, publikoena. Horiek pribatizaziora irekitzeko aukera zabaltzen da; esaterako, zerbitzu medikoak. Hasieran, MME Munduko Merkataritza Erakundeak gaur egun indarrean dituen akordioak gainditzen saiatuko dira; alegia, gaur egun dauden trabak eta mugak desager daitezen zerbitzuak liberalizatzeko.

Negoziaziotik kanpo. Bi aldeek negoziazio mahaitik at geratuko diren zerbitzuen zerrenda itxia osatuko dute. Lehen zirriborroen arabera, «gobernu boterea betearazteko» zerbitzuak kanpoan geratuko dira: estatuaren aparatuak, diplomazia, epaitegiak eta antzekoak dira. Polizia edo armada ere izan litezke, nahiz eta horietan pribatizazioa zabalik egon AEBetan. Zerrenda itxi horrek ere zalantzak sortu ditu. «Uler liteke aurrerantzean sortzen diren zerbitzu guztiak liberalizatuta daudela, zerrenda horretan jaso ez zirelako».

Ingurumena

Gutxienekoak ere ez. AEBek ez daukate onartuta Kyotoko Protokoloa. Horrekin batera, energia berriztagarriei laguntza publikoak mugatzeko estutzen ariko lirateke energia konpainietako lobby-ek. Fracking-a hedatzeko interesa ere badute AEBek.

Kontratu publikoak

Trabak kendu. Adjudikazio publikoetan administrazioek ezarri ahal dituzten baldintzak ezabatu nahi dituzte. Hau da, merkatu prezio hutsetik harago baldintza sozialak edo ingurumenekoak egotea zailduko luke akordioak. Tokian tokiko erosketak lehenesteko erabakiek pisu handia dute AEBetan, eta Euskal Herrian ere hasi dira horrelako estrategiak garatzen. «Kontsumo zirkuitu laburrak arriskuan jarriko lituzke praktika horiek mugatzea», nabarmendu du irakasleak.

Jabetza intelektuala

Nekazaritza. Nekazaritzako elikagaien industria handiaren interesak jokoan daude, lehenbizi. Mahai gainean dago hazien gaineko jabetza eskubideak eta patenteak blindatzeko eskaera. «Kolonbiaren eta AEBen arteko merkataritza itunaren ondorioz, laborarien uztak erretzeraino iritsi dira; oso gauza larria da», dio De la Fuentek.

Botika industria. Jabetza intelektualean, beste esparru nagusiak botiken industriarekin du zerikusia. Kritikoek susmatzen dute sektoreko multinazionalen aldeko esparruak indartuko direla; alegia, produktu generikoak esportatzeko trabak, edo patenteen iraupena luzatzeko aukera.

Pribatutasuna. Europako Batasunak araudi indartsuagoak proposatu izan ditu datuak babesteko. Haatik, AEBetako teknologia enpresa handiek martxan dute horien aurkako kanpaina bat, pribatutasuna zaintzeko araudi horiek «merkataritza libreari trabak» jartzen dizkioten salbuespenak direla argudiatuta. Interneteko ekintzaileek ohartarazi dute ACTA akordioa atzeko atetik inposatzeko arriskua ere egon litekeela liberalizazio prozesuan.

Finantza zerbitzuak

Oraingoz, kanpoan. Itunaren aurkakoek lortu dituzten azken zirriborroen artean, finantza zerbitzuak negoziaziotik kanpo uzteko aukera aipatzen da. Kontu gehienetan EBk berme gehiago eskaintzen dituen arren, puntu horretan kontrakoa gertatzen da. Finantza krisiaren ondorioz, bankuak kontrolatzeko legedia gogortu dute AEBek, eta ez daude prest puntu hori leuntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.