Zibersegurtasuna negozio aukera denean

Euskal enpresen %85ek uste dute zibersegurtasunean diru gehiago inbertitu beharko luketela. Basque Cibersegurity Day egin dute Bilbon, eta etorkizuneko erronketako bat dela nabarmendu dute bertan.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Jardunaldi hauetara bildu den jendetzari begiratu besterik ez dago gaiari zein garrantzi ematen zaion jakiteko». Oholtza gainean zegoen Iñigo Garcia Merino Siemens Gamesako zibersegurtasuneko arduraduna, eta, behera begiratuz gero, ehunka pertsona ikus zitzakeen. Euskalduna jauregian Basque Cibersegurity Day jardunaldia egin zuten atzo, eta gaia hartzen ari den neurria datu bakar batekin laburtu zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak: enpresen %85ek zibersegurtasunean diru gehiago inbertitu nahi dute. «Kontzientziazio eta sentsibilizazioan lan handia egin behar da», sailburuaren arabera.

Puntu horretan, enpresa txiki eta ertainetan jarri zuten arreta jardunaldiko mahai inguru batean. Bertan zegoen Garcia Merino, baina solaskide izan zituen Jose Corera Iberdrolako ordezkaria, Javier Herrero Aernnovakoa eta Hector Olabegogeaskoetxea Irizar eMobilitykoa. Laurek hitz egin zuten enpresa txikiek eta ertainek zibersegurtasunean duten erronkari buruz, hornitzaile ugarirekin egiten baitute lan euren negozioetan, eta horien zibersegurtasunak azken produktuari eragin diezaioke. «SPRIrekin lanean gabiltza hornitzaileen segurtasuna nolakoa den ikusteko», azaldu zuen Herrerok.

Areago, Aernnovako kideak aldarrikatu zuen enpresen artean ikusten duen egoeraren aurrean zibersegurtasunean hobetu beharra dagoela : «Gai honetan bere garaian ingelesarekin gertatu zena gertatzen da; erdi mailarekin konformatzen ginen lehen, baina orain maila altua eskatzen dugu». Bada, uste du gauza bera gertatu behar dela zibersegurtasunarekin. «Garbi ikusten da datozen urteetan aldaketak egon beharko dutela, ezinbesteko puntu bat baita».

Bide horretan energia eolikoaren klusterrak emandako pausoak azpimarratu zituen Garcia Merinok, zibersegurtasunaren arloan laguntzak eskaini baititu. «Ekoizpen maila guztietan saiatu behar dugu zibersegurtasunean sakontzen, eta, horretarako, enpresek jakitun egon behar dute lehiakortasunean irabaz dezaketela». Alegia, segurua den enpresa batek negozio aukera gehiago izan ditzakeela.

Gehiegizkoa ere ez

Puntu horretan, gehiegizko neurrien inguruan ohartarazi zuen Iberdrolako Corerak. Izan ere, haren esanetan, «gehiegizko zibersegurtasunak hil egin dezake». Zentzua erabiltzeko gomendioa egin zien Euskaldunan bildutako profesionalei, eta gehiegizko segurtasun neurriak kaltegarri izan daitezkeela jakinarazi: «Erabat ziberseguruak diren hornitzaile batzuekin arazoak izan ditugu, zifratze mailak handiak direlako, eta ekoizpenean aurrera egiteko zailtasunak sortzen dituelako; batzuetan, baliabide erdiekin segurtasun bera lor daiteke». Horregatik, aholkua eman zien zibersegurtasunean neurriak hartu behar dituzten enpresei, eta aldez aurretik zer egin nahi duten pentsa dezatela. Antzera hitz egin zuen Olabegogeaskoetxeak ere, eta gomendatu zien enpresa bakoitzak beharren zerrenda egiteko hornitzaileei: «Baina enpresa handiek askotan pauso bat aurretik joan behar dute». Horregatik, handiagoak direnei aitzindari izateko betebeharra eman zien, zibersegurtasuna zabalduko bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.