Paul Beitia Ariznabarreta.

Festa eta ezer ez

2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Aspalditik ditugu gure artean, baina irudi luke azken urteetan are gehiago zabaldu direla. Hemen daude: zahar-itxurako alkandora loredun garestiegiak Instagrameko kontu apainetan eskegiak, alkohola litroka eta irabaziak oldeka, bi eguneko soldatarekin erositako eskumuturrekoek utzitako eguzki-markak. Hemen daude kapitalak gure garairako topatu dituen kultur eredu behinenak, makrojaialdiak, gero eta ozenago, gero eta ugariago, gure artean. Euskarazko kulturak —demagun «euskarazko arteak» esan nahi dugula edo, harago joanez gero, «euskarak» berak— halako ereduetan izan dezakeen paperari buruz nahikotxo hitz egin da aspaldion. Onuragarriak diren makrojaialdiak eta abarrak euskararentzat, kaltegarriak, halako eredu masibo batek euskaraz ere egon behar duen ala ez... Interesgarriena iruditzen zait ereduaren beraren azterketa bat egitea.

Makrojaialdiek lan prekarizatuaren bizkar ateratako etekin ekonomiko handiak dituzte helburu. Soldata neurrigabeki baxuetan edo lan ez-ordainduan oinarritzeko inpunitatea daukaten askotariko industrien bitartez soilik dira posible: musikaren industria, ostalaritza, drogarena, sexuarena. Industria horien interes kapitalistak partekatzen dituzte makrojaialdi guztiek eta haiek dituzte izateko lehenengo arrazoi. Aipatutako klase-interes horiek, ordea, ematen diete makrojaialdiei eta, oro har, egungo jai-eredu hegemonikoari bestelako funtzio sozialik, etekin ekonomikoez gain. Izan ere, ulertu beharra dugu makrojaialdiek ez dakartela, inondik inora, eredu berri bat, haien eredu sozialak eta egunerokotasunean erreproduzitzen dugun jai-ereduarenak, funtsean, funtzio antzekoak betetzen baitituzte. Ezer baino lehen, ihesbidea da egungo jai-eredua langile-klasearentzat: aste osoko, urte osoko eginbeharrek sortutakoetatik ihes egiteko unea. Alde horretatik, egungo jai-ereduak —izan makrojaialdiek edo larunbateroko parrandak— funtzio erreproduktibo bat betetzen du langileontzat: pilatutako frustrazioak askatzea, errealitate gordinetik ihestea, betiere drogen kontsumo neurrigabeak lagunduta, asteburuaren edo udaldiaren ondoren gure eginbeharretara psikologikoki estabilizatuta itzul gaitezen. Hipersexualizazioa ere funtsezko ezaugarria du egungo jai-ereduak. Jakina da jai-giroan eta, berriz ere, drogen eraginpean izan ohi ditugun harremanetan oro har sozialki onartuagoak daudela jarrera indibidualistak eta biolentoak, jakina den bezala horrek emakumeei egunerokoan pairarazten dien guztia. Eraso matxistak egungo jai-ereduaren funtsezko ezaugarri dira, datuek eta eguneroko praktikek erakusten diguten bezala. Aipatutakoak ezaugarri eta ondorio nagusienetakoak uste izan ditudan batzuk dira. Egungo jai-eredua ezaugarritzen ni baino zorrotzago eta sakonago aritu dira, esaterako, ITAIA Emakume sozialisten sarekoak beren testuetan edo Kolitza bere Marijaiak ezkutatzen duena, zerbait ospatzeko al dugu ba? artikuluan.

Kontua ez da, beraz, jaialdiak izan dezakeen itxura holakoa ala halako den: kausa ustez aurrerakoi baten alde egindako jaialdi batek ere bete-betean erreproduzitu dezake eredu hori, baldin eta haren funtzionamenduaren zimenduak eta aipatu ditugun ezaugarriak kolokan jartzen ez baditu.

Asko da jai-ereduarekin jokatzen duguna, asko makrojaialdiekin jokatzen duguna. Kultur kontsumorako eta elkarrekin harremantzeko moduak daude jokoan. Euskal kulturak euskarazko arte-ekoizpenak, euskarak berak hor zein leku bete beharko lukeen zeuek atera kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.