2021ean 235 milioi lagunek beharko dute giza laguntza, aurten baino %40 gehiagok

NBEk 29.200 milioi euro eskatu ditu 56 herrialderentzat. Siriara bideratuko dute giza laguntzaren zatirik handiena, 8.000 milioi euro

Herritarren artean banatzeko janaria, Sanan, Yemenen. YAHYA ARHAB / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengo datuekin alderatuta, datorren urtean %40 gehiago izango dira nazioarteko laguntza beharko duten pertsonak, eta arrazoia COVID-19ak eragindako osasun krisian bilatu behar da.«Aukeratu egin behar dugu: 2021a atzeraldi handiaren urtea izatea, 40 urtez aurrerapausoak egin ostean, edo elkarrekin lan egitea pandemiari aurre egiteko», ohartarazi zuen atzo Mark Lowcockek, NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako arduradunak.

Orotara, 235 milioi lagunek beharko dute laguntza, baina horietatik 160 milioira helduko litzateke OCHA Giza Laguntza Kudeatzeko Nazio Batuen Bulegoa, eskatutako diru kopurua eskuratuz gero: 29.200 milioi euro. Baina, kontuan izanik nazioartearen diru ekarpenak ez direla inoiz heldu eskatutakora, ziurrenik datorren urterako ezarritako helburuak murriztu beharko ditu NBEk berak ere. Iaz, esaterako, eskatutakoaren erdia baino gutxiago eskuratu zuten, nahiz eta herrialdeek inoizko kopururik handiena eman: 14.000 milioi euro.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek aitortu zuen egoera ez dela ona munduan, baina elkarlanerako deia egin zien agintariei, eta gogorarazi herrialde aberatsetan egoera txarra bada, garapen bidean daudenena okerragoa dela: «Herrialde aberatsenek zortzi bilioi euro bideratu dituzte pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egitera, eta orain ari dira argi apur bat ikusten; herrialde pobreetan ez da halako inbertsiorik egin».

Siriako gerratik ihes egindako hogei milioi herritarrek jasoko dute laguntzen zatirik handiena. Orotara, NBEk 8.000 milioieuro eskatuko ditu herrialde hartan proiektu humanitarioak garatzeko. Yemenen laguntza behar duten 19 milioi herritarrentzat, berriz, 2.800 milioi euro eskatu dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan berpiztu diren gatazkek eragindako giza krisiak: Armenia eta Azerbaijanen artekoa, Mendebaldeko Saharakoa eta Etiopia iparraldeko Tigray eskualdean piztutakoa.

Baina, gerrek ez ezik, klima larrialdiak eta osasun krisiak berak ere jende asko utzi dute kale gorrian. Lowcocken esanetan, klima aldaketak ondorio larrienak eragin dituen hamar herrialdeetatik zortzitan lehendik ere giza krisi larriak zituzten. Bestetik, pandemiak zaildu egin du lehen mailako osasun arreta, eta aurrez kontrolpean zeuden gaitzak berriz zabaltzea eragin du.

«Tokian tokiko arazoak mundu mailako bilaka daitezke neurriak hartu ezean. Beharrak asetzeko eskatutako diruaren eta nazioarteak ematen duenaren arteko tartea gero eta handiagoa da. Krisiaren neurrira egokitzen den erantzun bat behar dugu», nabarmendu zuen Lowcockek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.