Salmonden salaketa, Sturgeonen arriskua

Eskoziako bi buruzagien arteko harremana okertu egin da lehen ministro ohiaren aurkako sexu-jazarpen kasuen harira. Gobernuburu izan zenak dio egungo kargudunak gezurra esan ziola parlamentuari kasu horretaz.

Alex Salmond eta Nicola Sturgeon, 2013an, independentziari buruzko Liburu Zuria aurkezten. M. BOYD / EFE.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eskoziako oposizioko alderdiek urteak daramate Nicola Sturgeon agintetik botatzeko edo ahultzeko arrazoien bila, baina orain arte ez dira gai izan lehen ministroa pixka bat bada ere kezkatzeko. Inkesten arabera, Sturgeon eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionala aspaldidaniko egoerarik hoberenean daude, inoizko onenean ez esatearren, nahiz eta pandemia betean gobernatzen ari diren. Gobernuburuaren sendotasuna, ordea, dirudien baino ahulagoa da, alderdiko sektore bat zalantzan jartzen ari baita independentziarako haren estrategia. Baina, oraingoz, arriskua ez dator hortik: Alex Salmond lehen ministro ohia baita Sturgeon erortzea eragin dezakeena, sexu erasoengatiko salaketen harira hasitako gatazkarengatik.

Behinola, SNPko buruzagi eta buruzagiorde gisara, bi protagonistak mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo eta gertuko harreman bati esker. Horren harira hartu zuten Sturgeon Salmonden ordezko naturaltzat, eta hala eskuratu zuen hark independentismoaren gidaritza. Urte horietan sortutakoa, ordea, erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako salaketek sortu duten egoeragatik; azkenean, Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen errugabea zela, baina kasua ez da hor amaitu.

Salmondek gobernua eraman zuen auzitegietara, sexu erasoengatiko salaketak kudeatzeko abiatu zuen barne ikerketa legez kanpokoa zela iritzita, eta epaileak arrazoia eman zion, gobernua hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—. Ebazpen horrek eragin du ekaitz politikoa: parlamentuak barne ikerketaren lana ikertzeko batzorde bat eratu zuen, eta horretan deklaratu zuen egungo lehen ministroak. Bada, gobernuburu ohiaren iritziz, «hainbatetan engainatu» zituen batzordea osatzen duten diputatuak, informazio faltsua emanez.

Sturgeonek idatziz adierazi zien bere etxean Salmondekin izandako bilkura batean jakin zuela sexu erasoen salaketen berri, baina gerora publiko egin zen topaketa hori baino hiru egun lehenago gobernuburu ohiaren lantaldeko kide batekin elkartu zela; lehen ministroak erantzun zuen elkarrizketa hori izana «ahaztu» egin zitzaiola. Horrek hainbat galdera sortu ditu: Sturgeonek zehazki zer ote zekien, eta zergatik elkartu zen Salmondekin modu pribatuan, ezkutuan.

Eta, kasua are gehiago aldrebesteko, gobernuburu ohiaren abokatuek diote gobernuak batzordeari ez dizkiola eman barne ikerketari buruzko dokumentu guztiak.

Halere, lehen ministroak esandakoetan eta ez esandakoetan dago jarria arreta; Ministroen Kodearen arabera, gezurra esatea kodea ez errespetatzea da, eta, hortaz, Sturgeonek dimisioa eman beharko luke hori egin duela frogatzen badute. Haren senar eta SNPko zuzendaritzako kide Peter Murrel ere ikerketapean dago, besteak beste, Salmonden aurkako karguak aurkeztu zituztenean mezu hau bidali zuelako: «[Salmondek] Borrokatzeko geroz eta fronte gehiago izan, orduan eta hobeto».

Ganberako batzordeak oraindik ez du ebatzi Sturgeonen adierazpenez, eta datozen asteetarako hark eta Salmondek berriz deklaratzea nahiko luke. Ez dago horretarako datarik, baina egun gatazkatsuak espero dira independentismoarentzat.

Inkesta baten arabera, herritarren bi herenek uste dute lehen ministroak dimisioa eman beharko lukeela batzordeak ebazten badu gezurra esan zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.