martxelo otamendi
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera. ANALISIA

Azken aukera

2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bihar bukatuko da Espainiako Auzitegi Gorenean, hilabete askoren ondoren, ilegala ez zen erreferenduma antolatzeagatik epaituak izaten ari diren buruzagi katalanen aurkako epaiketa. Komeni da hori gogoratzea, 2005etik ez delako ilegala; ez da delitua, beraz, horretarako eskumenik eduki gabe ere, Espainiako Gobernuaren baimenik gabe erreferendumak egitea. Ibarretxe lehendakariak erreferenduma egiteko asmoa zeukala jakinarazi zuenean, presaka sartu zuen Alderdi Popularrak 2003ko abenduan delitu berri bat Zigor Kodean: gobernuaren baimenik gabe erreferendumak egitea. Hiru eta bost urte arteko zigorra zeukan delitu horrek.

Alderdi Popularrak Espainiako Kongresuan 2004an gehiengoa galdu eta urtebetera, Zapatero sozialista zen presidente berria, kendu egin zuten delitu hori Zigor Kodetik. Hala ere, desobedientzia delituagatik ere ari dira epaitzen Auzitegi Gorenean prozesuaren bultzatzaile nagusiak, Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin ziolako Generalitateari 2017ko urriaren 1eko erreferenduma. Komeni da gogoratzea duela urtebete Generalitateko presidente ohi Masek kondena bikoitza eduki zuela 2014ko azaroaren 9an (N-9 izenekoa) erreferenduma egiteagatik. 13 hilabetez inhabilitatu egin zuten —2020ko otsailean bukatuko zaio zigor hori—, eta horretaz gain, 4,9 miloi euro ordaintzera kondenatu zuten orduko erreferendumeko gastuen kontzeptuan. Ez zen Mas kondenatu bakarra duela lau urteko erreferendum hura antolatzeagatik.

Matxinada, sedizioa, desobedientzia eta diru publikoaren erabilera okerra, horiek dira Gorenean epaitzen ari diren 12 buruzagiei leporatzen dizkieten delituak. Matxinada denetan larriena. Azken urteotan, 2017ko irailean eta urrian, indarkeria erabatekoa izan zela argudiatu dute behin eta berriz hiru akusazioetatik bik, fiskaltzak eta Vox alderdiak. Matxinada delitua gertatzeko, ordena konstituzionala erabat iraultzeko asmoa behar dute eragileek, erabateko bortxakeriarekin. Estatuaren abokatuak, hirugarren akusazioa, matxinada barik sedizioa leporatzen die, ez duelako uste ordena konstituzionalaren aurka jo zutenik.

Defentsak —bestelako aukera handirik ez zeukaten— sartu egin dira bortxakeria bai/ez eztabaida estrategiko horretan, fiskaltzak jakin duelako eztabaidaren gune nagusia hor jartzen eta defentsak akusazioari komeni zaion eremura eramaten. Zoru labainkorra da hori defentsentzat. Askoz jarrera argiagoa eduki zuten akusatuek epaiketaren hasieran behin eta berriro esan zietenean magistratuei egindakoa ez zela sekula delitua izan, ezin dela zigortu herritarrei ahotsa ematea demokraziaren zutabe nagusietako bat delako; are gutxiago denbora luzez saiatu zirenean erreferendum bat adosten Espainiako Gobernuarekin, eta horren ezezko asko jaso eta gero erabaki zutela alde bakarretik antolatzea galdeketa, modu bakarra zelako jakiteko zer nahi zuten Kataluniako herritarrek. Errugabetasuna ariketa demokratikoan oinarritu zuten, behin eta berriro aipatuz Quebeceko eta Eskoziako adibideak.

Joan den astean azaldu zituzten azken ondorioak hiru akusazioek, epaiketa hasi aurretik egindako berak, epaiketak iraun duen hilabete luzeetan aretotik igarotako ehunka lekukok, ikusitako bideoak eta irakurritako txosten guztiak alferrikakoak balira bezala. Bakoitzak bereari eutsi dio, fiskaltzak une garrantzitsu horretan eskaera leunduko zuela uste zuten baikorren etsipenerako. Hori izan zitekeen irtenbide bakarra zigorrak txikiagoak izateko, fiskaltzaren jarrera aldaketa, behar zitzakeelako epaileak duda egitera zigorraren tamainaz; justiziaren barne kodean, batzuetan, bidea erakusten dielako fiskaltzak magistratuei. Zer beharra daukate magistratuek zigor txikiagoa ezartzen, fiskalak berak egiten ez badu?

Fiskaltzaren jarrera aldakaitzak erakusten du zer gutxi busti nahi izan duen auzi honetan Espainiako presidente Sanchezek. Estatuaren abokatuei zigor irizpidea aldarazi zien matxinada leporatu beharrean sedizioa leporatzeko. Kito.

Azken-aurreko eguna da gaurkoa, defentsek azalpenak ematekoa. Adierazgarria izan zen joan den astean fiskaltzaren estrategia ondorioak azaltzeko mintzaldian, akusazio generikoak egin zituelako. Ez zituen indibidualizatu akusazioak, ez zion epaitu bakoitzari —epaiketan ikusitakoan oinarrituta— zehatz-mehatz leporatu bere delitua. Alderantzizkoa egingo dute defentsek gaur, ordubete edukiko duelako akusatu bakoitzaren abokatuak bere bezeroaren defentsa egiteko. Ez da asko, auzi-aulkian daudenetako bederatzik bi delituren defentsa egin beharko dutelako; seiri matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra leporatzen diete, eta beste hiruri desobedientzia eta diru publikoaren erabilera okerra. Eta beste hiruri, matxinada.

Orekatua da bizitzaren zati handi bat kartzelan igarotzeko aukera handia daukan akusatuaren abokatuak defentsa egiteko ordubete bakarra edukitzea, epaiketa horren lekuko batzuek denbora gehiago pasatu dutenean azalpenak ematen? Egin liteke ordubetean taxuzko defentsa horren luzea eta mamitsua izan den epaiketan?

Gaur, abokatuen txanda da, defentsa teknikoa egiteko eguna. Bihar, akusatu bakoitzak bost minutu edukiko ditu, epaiketa bukatu aurreko azken abagunean, defentsa humanoa eta aldarrikapen politikoa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.