Errusiako ekaitza ziklogenesi bihurtu da

Banku zentralak interes tasak %17ra igo izanak merkatuen izua indartu du, eta errubloak euroarekiko beste %20 galdu du egun bakarrean

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 17
Petrolioaren merkatzeak eta Mendebaldearen zigorrek Errusiako ekonomiari eragin dioten ekaitza ziklogenesi bilakatu dute merkatuaren izuek. 2014an etengabe balioa galtzen aritu ondoren, errubloa zuzenean amildegitik behera erori zen atzo: Europako Banku Zentralaren truke tasa ofizialean %22 jaitsi zen euroaren aldean. Errusiako ekonomiaren okertzeari lotutako arrazoi objektiboek ez ezik, 1998ko krisia berritzeko izuak ere eragin du merkatuaren panikoa, horrelakoetan inoiz guztiz baztertu ezin daitezkeen esku beltzak ahaztu gabe.

«Egoera kritikoa da. Gertatzen ari dena ezin genuen irudikatu duela urtebete, ezta amesgaizto batean ere». Arazoaren larritasuna ezkutatu gabe mintzatu zen Sergei Xvetsov Errusiako Banku Zentraleko gobernadorearen albokoa. Larritasuna are handiagoa da, errubloak balioa galtzea eragozteko orain arteko saio guztiek huts egin dutelako. Azarora arte bere dibisen erreserba erraldoia xahutzen aritu da Errusiako Banku Zentrala, emaitzarik lortu gabe. Bloombergek kalkulatu du 500.000 milioi dolar ingurutik 80.000 milioi erabili dituela.

Interes tasekin ere saiatu da. Joan den astean puntu bat igo zituen, %9,5etik %10,5era. Astelehen gauean bazuka atera zuen, eta %17ra igo zituen. Errentagarritasun hori eskainita, banku zentralak nahi zuen dirua bankuetan geratzea eta banku komertzialek edo herritarrek ez erabiltzea beren dirua atzerriko dibisak erosteko. Hasiera batean funtzionatu zuen, errubloak astelehenean izandako %11ko balio galtzearen zati bat berreskuratu zuelako, baina egunak aurrera egin ahala berriro beherantz egin zuen. Interes tasen igoera bortitza «oso txarraren eta oso-oso txarraren arteko hautaketa» izan zela ziurtatu zuen Xvetsovek. Izan ere, interes tasa handiek maileguak txikituko dituzte, eta horrekin beste kolpe bat eman diezaiokete atzeraldian sartzen ari den Errusiako ekonomiari.

Datozen egunotan merkatuak baretzen ez badira eta errubloa balioa berreskuratzen hasten ez bada, banku zentralaren eta Errusiako Gobernuaren hurrengo aukera izan daiteke kapitalei mugak jartzea. Hau da, herritarrek edo enpresek ezin atera ahal izatea nahi beste diru beren kontuetatik, eta debekatzea inbertsoreek dirua Errusiatik ateratzea. Halakorik egin behar dutela ukatu du Elvira Nabiulina banku zentraleko gobernadoreak.

Kapital ihesa Errusiaren arazo nagusietako bat da. Banku zentralak uste duenez, azken urtean 103.000 milioi eurok ihes egin dute herrialdetik. Atzerriko inbertsoreak ez ezik, Errusiako eliteak ere badaude horren atzean. Horregatik, Vladimir Putin presidenteak amnistia fiskal bat agindu zien kapitala Errusiaratu eta beren dirua eta ondasunak legeztatzen dutenei. «Espekulatzaileen aurkako neurriak» hartzeko ere eskatu zion Putinek banku zentralari, errubloaren erorketaren atzean inbertsiogile batzuen jokoa dagoelakoan.

AEBen zigorra?

Petrolioaren jaitsiera handia da Errusiaren krisiaren arrazoietako bat. Petrolioaren eta gasaren salmentarekiko menpekotasun handia du Moskuk —bere aurrekontuaren erdia hortik lortzen du—, eta hori menpekotasun txarra da ekainaz geroztik petrolioa ia %50 merkatu denean.

Petrolioaren merkatzearen atzean Errusia zigortzeko gogoa dagoela ere badio Moskun jarraitzaile asko dituen teoria batek. Haren arabera, eskuz esku dabiltza AEBak eta Saudi Arabia petrolioaren prezioa merkatu nahian, beren buruari egiten dioten kaltea —bereziki AEBek, fracking-ak errentagarri izateari uzten diolako upela 70 dolarretik behera dagoenean— txikiagoa baita Errusiari egiten diotena baino.

Goldman Sachs bankuak kalkulatu duenez, petrolio upelaren prezioa 60 dolarretik behera jaisten bada bilioi bat dolar galduko dute ekoizleek. Horretatik, hamarren bat baino gehiago dagokio Errusiari, munduko ekoizle handienetan bigarren baita: urrian eguneko 10,5 milioi upel ekoitzi, ekoizpen osoaren %12. Ekoizle nagusia AEBak dira (12,8 milioi upel eguneko), fracking-ari esker ekoizpena %30 handitu baitu azken urtean. Saudi Arabia da handienetan hirugarrena, 9,6 milioi upelekin, baina abantaila handi bat dauka: batez beste 10 dolar kostatzen zaio petrolio upel bat ekoiztea, bere lehiakide gehienei baino gutxiago.

Aleksandr Novak Errusiako Energia ministroak atzo esan zuenez, petrolioak merkatzen jarraitzen badu automatikoki jaitsiko da Errusiaren ekoizpena, putzu berriak ustiatzeko inbertsioak geratuko direlako. Novakek iragarri zuen upela berriro 85-90 dolarrera igoko dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna