Elizako iluntasunei zuzendutako fokua

Ikerketa baten arabera, Herbehereetako Eliza katolikoko hierarkiak milaka sexu eraso ezkutatu ditu. Nazioartean ugaritzen ari diren salaketen azken adibidea izan da argitara atera berri dena.

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Geroz eta luzeagoa da Eliza katolikoko kideek egindako sexu abusuak argitaratu dituzten herrialdeen zerrenda. Herbehereak izan da batutako azkena. Azken 70 urteetako kardinalen eta gotzainen erdiek, 39tik 20k, egindako erasoen berri zutela eta ezkutatu egin zituztela jakinarazi du NRC Herbehereetako egunkariak.

2010ean, Herbehereetako Gobernuak abusu kasuen ikerketa jarri zuen martxan. 1945. urtetik Elizako kideek 20.000 adingabe ingururi eraso egin ziela argitaratu zuen. Abusu horiekin lotutako 800 ustezko egile identifikatu zituzten. Gaur egun ez dute ardurarik Eliza katolikoan, eta kasu guztiak preskribatuta daude.

Orain, NRC egunkariak akusatuen izen-abizenak eman ditu, eta Elizako hierarkiari leporatu dio kasuak isilpean gorde izana. Herbehereetako gotzain batzarrak apezpikuen erantzukizuna aitortu du:«Pena da zenbait gotzainek abusuak galarazteko erantzukizuna ez betetzea». Herbehereetako Elizak neurriak hartu dituela esan du. Bere kideen aurrekariak aztertuko ditu, eta portaera egokiaren ziurtagiriak eskatuko ditu.

Ikerketa hori argitaratu aurretik, Alemanian gertatutako kasuak jakin dira. Alemaniako Gotzainen Batzarrak sexu abusuen inguruko txosten bat argitaratuko du irailaren 25ean. Bertan jaso diren zenbait datu eman dituzte hainbat hedabidek. 1946 eta 2014 urte bitartean, 3.677 sexu abusu egin zituzten 1.670 klerikok. Eliza katolikoan ere ezinegona sortu dute datuek. Stefan Oster Passau (Alemania) hiriko apezpikuak uste du Elizak «autokritika erradikal» bat egin beharko lukeela: «Egoera pentsatzen duguna baino okerragoa da, eta beldurgarria da ezagutzen duguna». Frantzisko aita santuak datorren urte hasierarako bilera bat antolatu du neurriak hartzeko, «haurrak babesteko asmoarekin».

Kasu gehiago budismoan

Munduko beste erlijio handienetako baten egituretan ere antzeko kasuak egon direla jakin da. Dalai-lama budismoaren lider espirituala Herbehereetan izan da, eta zenbait maisu budistek egindako abusuak ezagutzen zituela aitortu du lehen aldiz: «90eko hamarkadatik ezagutzen nituen kasuak». Hala ere, ez zuen argitu neurririk hartu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.