Apendizitisak ere izan dezake bere alde ona

Arantza Moreno xabalina jaurtitzaileak gaur ekingo dio lehiari Europako Atletismo Txapelketetan. 12:30etik aurrera hasiko dute sailkapen txanda, eta finalean sartu nahiko luke, oso zail duela dakien arren.

Arantza Moreno xabalina jaurtitzailea, Bat Basque Teamen instalazioetan. BAT BASQUE TEAM.
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Arantza Moreno (Ermua, Bizkaia, 1995) xabalina jaurtitzaileaEuropako Atletismo Txapelketan ariko da gaur, Berlinen. Joan den uztailaren 11n lortu zuen parte hartzeko gutxieneko marka, Castellon (Kataluña). 59,69 metroko jaurtiketa egin zuen, eta kolpetik ireki zitzaizkion olinpiar estadio mitikoko ateak. Goizean ariko da sailkatze fasean (12.30), eta lehen hamabien artean bukatzen badu, finalera pasatuko da.

Eskubaloian eta iraupen erdiko lasterketetan ibili zen gaztetan Moreno, baina apendizitis batek eraman zuen xabalina jaurtitzera. Espainiako txapelketako 600 metroko lasterketarako prestatzen ari zen apendizitisa izan zuenean, eta hilabete inguru pasatu behar izan zuen korrika egin gabe. Entrenatzaileak, Moreno Espainiako txapelketan izan zedin nahi zuen, eta xabalina hartzera animatu zuen. Eskubaloian ibilita besoan indarra izango zuelakoan; eta gaurdaino erabaki horrek emaitza onak ekarri dizkio.

Bi kirol horiek tartekatu zituen zenbait urtez, baina, azkenean, arreta osoa xabalina jaurtiketan jartzea erabaki zuen; Morenok gustukoago zuen: «Kirol indibiduala izateak erakartzen ninduen; galtzen edo irabazten baduzu, zuregatik da; hau ez da gertatzen eskubaloian edo beste talde kiroletan. Guztia nire esku egoteak erakartzen ninduen».

Txapelketaren atarian gorputzaldi onean da Moreno: «Sasoi onean iritsiko naiz Berlinera, oraindik marka hori lortu ondorengo motibazioarekin nago. Gutxienekoa marka lortu eta astebetera Getxon 59 metroko beste marka bat egin nuen; ez zela kasualitatea erakutsi nuen».

Europako txapelketan egotea sari bat izango dela aipatu arren, ez da bertan egote hutsarekin konformatuko: «Finalean sartzea gustatuko litzaidake, helburu hori betetzea zaila izango dela jakin arren. Nire markatik gertu ibili nahi dut behintzat, Berlinen erraza izango ez den arren».

Sara Kolak olinpiar txapelduna min hartuta dago, eta ez da Berlinen ariko, ezta Barbara Spotakova egungo munduko txapelduna ere. Dena den, maila oso altua da, modalitate honetako atleta onenak europarrak izaten baitira. Morenoren ustez Tatiana Jaladovitx da faboritoa. Hark du urteko markarik onena: 67,47 metro.

Leku historikoa da Berlingo olinpiar estadioa, eta horren jakitun da Moreno: «Inoiz ez naiz horrelako estadio batean lehiatu; Lillen egon nintzen 2011n, eta estadio handia zen, baina zerikusirik ez du Berlingoarekin. Estadioaren bideo eta argazkiak ikusi ditut, eta ikaratzeko modukoa da». Gaur, barrutik ikusiko du.

Melero, bederatzigarren

Xabalina jaurtiketan ere bai, Niko Quijera iruindarrak atzo ez zen finalerako sailkatu. Haren jaurtiketarik onena 73,27 metrokoa izan zen, eta 24. postuan bukatu zuen. Lehen hamabiak sailkatzen ziren. Bestalde, 10.000 metroetan, Maitane Melero bederatzigarren izan zen 32.52,59ko markarekin. Lonah Chemtai Salpeter Israelgo herritartasun kenyarrak irabazi zuen proba (31.43,29).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.