Arrauna

Ez dadila haria eten

Gaztetasunez josia dago oraingo San Juango 'Batelerak' ontzia, gutxi batzuen eskarmentua tostartean dela. Uztartze hori ondo doakio taldeari. Lorea Loinaz gazteena da, eta Irati Iñarra, zaharrenetariko bat.

San Juango arraunlariak, ziaboga ematen, Getarian, ETE ligako hirugarren jardualdian. LUIS AZPEITIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
San Juanek izan zituen urterik oparoenetan, Batelerak ontziko tostetan zen Irati Iñarra (Errenteria, Gipuzkoa, 1993). Garaipen zerrenda handia dauka, tartean lau liga eta beste lau Kontxako Bandera. Bi urtez tosta finkotik kanpo egon ostean, betiko taldera itzuli da. Orain, baina, bestelako Batelerak batekin egin du topo: «Berriz ere hutsetik hasiko banintz bezala izan da». Hain zuzen, ETE ligan ari da lehiatzen, talde «oso gazte» batekin. 25 arraunlarietatik 21ek 20 urte baino gutxiago dituzte; 11 urteren aldea dute, esaterako, Iñarrak eta Lorea Loinazek (Donostia, 2004). Taldeko zaharrenetariko bat Iñarra, eta gazteena Loinaz.

Gaztetasunez dago josia oraingo Batelerak trainerua, gutxi batzuen eskarmentua tostartean duela. Iñarrak argi dauka zein den bere egitekoa: «Anbizioa eta jarrera positiboa transmititzea nire esperientziatik. Baina, aldi berean, nik egokitu behar izan dut taldera, eta ez alderantziz». Loinaz, bestalde, aurten igo da ontzi nagusira. «Iaz, kadetea nintzen, eta, traineruan entrenatzen nintzen arren, handia geratzen zitzaidan». Ontzian arraunlari bat gehiago izateaz «harro» dagoela dio.

Bi belaunaldiren uztartze hori, behinik behin, ondo doakio Guruzne Azpirozen kuadrillari. ETE ligako bigarren postuan dira. Iazko denboraldiarekin alderatuta, San Juango arraunlariek hasiera hobea eman diote lehiaketari, eta goiko postuetan talde lehiakor bat izatea lortu dute. Soilik urtebetean nabaritu dute ontzia azkarrago doala. Bada, abiada horrek eman dio modua taldeari orain arteko lau estropadetan emaitza «onak» lortzeko.

Loinazek, baina, beste interpretazio bat egin du traineru barrutik: «Estropadatik estropadara gero eta hobeto sentitzen gara, nahiz eta emaitzetan hori ez den islatu». Emaitzak emaitza, erakutsi dute badutela kemena Tolosaldeari gauzak zail jartzeko. «Banderaren bat irabazteko esperantza daukagu», atera zaio barru-barrutik Loinazi.

Euskotren liga, jomugan

Biek sentitzen dute klubean eta herrian bertan «gogo berezia» dagoela Batelerak gorengo mailara itzultzeko. «Aurtengo helburuetako bat da Euskotren ligara igotzea», azpimarratu dute. Horretarako «sekretu bat eta bakarra» dagoela diote: «Lana eta lana». Iñarra, eskarmentua lagun duela, harago joan da: «Behetik hasi behar duzu goian egoten jakiteko; esperientzia denborak eta urteek ematen dizute».

Batelerak ontzian ereindako haziak hazten jarraitzeko nahia izango dute San Juango arraunlariek datorren asteburuan ere. Larunbatean, Getarian (Gipuzkoa) ariko dira, eta igandean, Getxon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.