Katalunia

ERCk bozetarako zerrenda aurkeztu du, eta Junqueras jarri du buruan

Beste zerrendekin «fronte errepublikano bat» osatu nahi du alderdiak. CUPek gaur erabakiko du zer egin, batzar nazionalean

Junquerasen eta kontseilarien aulkiak hutsik, ERCren bilkuran. MARTA PEREZ / EFE.
Erredakzioa
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
ERCk ia guztiz baztertu du alderdi subiranistak elkartuko lituzkeen zerrenda bateratu bat sortzea. Abenduaren 21eko hauteskundeetarako zerrenda propioa aurkeztu zuen atzo Bartzelonan, eta eskatu zuen «hautagaitza guztietako hautagai guztiekin fronte errepublikano argi bat» eratzeko «konpromisoa» hartzea. Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea izango da ERCren hautagaia, eta harekin batera preso dituzten kontseilari gehiago ere egongo dira zerrendan: Raul Romeva, Dolors Bassa, eta Carles Mundo. Belgikan erbestean dauden beste bi kontseilari ere, Toni Comin eta Meritxell Serret, zerrendan sartu ditu ERCk.

Carles Puigdemont presidentearen nahia da burujabetzaren aldeko alderdi guztiek zerrenda bateratu bat osatzea abenduaren 21erako —zerrendaburu izateko prest agertu da—, baina ERCren jakinarazpenak oso zail jarri du aukera hori. CUPek, berriz, gaur erabakiko du zer egin, Perpinyan (Ipar Katalunia) egitekoa duen batzarran. Militanteek hainbat aukeraren artean hautatu beharko dute: bakarrik aurkeztea, alderdirik gabeko zerrenda bateratu baten alde egitea, edo ez aurkeztea, horien artean.

ERCk zerrenda «irekia eta transbersala» egin duela adierazi du. Independenteekin batera—esate baterako, Ramon Cotarelo politologo espainiarra Bartzelonako zerrendan dago—, MES Ezkerreko Mugimenduko eta Avancemeko kideak —PSCren banaketak, biak—, eta Democratesekoak —Unioren banaketa— daude. Anna Simo parlamentuko mahaiko kideak uko egin dio aurkezteari, eta hedabide batzuen arabera, Carme Forcadell parlamentuko presidentea ere ez da ERCrekin aurkeztuko.

En Comu-Podem zerrenda

Catalunya En Comu eta Podem alderdiek ere atzo aurkeztu zuten elkarrekin egingo duten zerrenda. jakina zen bezala, Xavier Domenech Espainiako Kongresuko ordezkaria izango da hautagai nagusia. Ada Colau bartzelonako alkateak, En Comuko ordezkari gisa, hitza hartu zuen ekitaldian, eta kritika gogorrak egin zikien independentistei: «Independentzia deklarazioa egin zuten alderdi interesengatik herritarrei gezurra esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.