Vueltaren neurrira

Oiz mendian bukatuko da Vueltako gaurko etapa. Zazpigarren aldia da azken zortzi urteetan proba Euskal Herrian sartuko dela. Gure Esku Dago-k errepidean erabakitze eskubidearen aldeko aldarria zabaltzeko eskatu du.
Gure Esku Dago-k iragan igandean Oiz mendira eginiko bizikleta martxako parte hartzaileak.
Gure Esku Dago-k iragan igandean Oiz mendira eginiko bizikleta martxako parte hartzaileak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko irailak 12
Espainiako Vuelta Euskal Herriko errepideetan barrena ibiliko da gaur. Etapa Getxon hasiko da, eta Oiz mendian bukatuko (1.026 m), Munitibarren. Etapa Bizkaiko Aldundiaren ekimena izan da, eta hark ordaindu ditu 130.000 euroak. Datu hori Javier Guillen Vueltako zuzendariak emanikoa da. «Isilpekotasun» klausulak direla medio, ezin zuen kopuru zehatzik eman, baina hark esana da, egun berean, hori dela etapa baten irteera eta helmuga antolatzearen gutxi gorabeherako kostua.

Urtebete baino gehiago da Vueltako 17. etapa Bizkaian jokatuko zela jakin zenetik. Dena den, ez da zerbait berria, azken zortzi ekitaldietatik zazpitan igaro baita Vuelta Euskal Herritik. Helmuga, berriz, bai; hori berritasun handia da. Oiz hogei kilometroko igoera gogorra da, eta 430 metroko altueratik gora —Bizkaiko balkoitik gora— asko gogortzen da. Azken zortzi kilometroek %9,36ko pendiza dute batez beste, %13ko eta %14ko tarte askorekin, eta %21eko batekin. Etapa antolatzeko, aldundiak berriz eraiki behar izan du tontorrera doan hormigoizko bidea. Vueltaren eskaeren neurrira eginiko lana da. Aurretik, Bizkaiko Behatokiko eta Gaztelugatxeko inguruak zeharkatuko ditu etapak, eta bi aldiz igaroko da Bilbotik, 12:45 eta 15:15 bitartean.

Aldundiaren aspaldiko asmoa da Frantziako Tourreko etapa bat hartzea, eta Unai Rementeria ahaldun nagusiaren hitzetan, hau «beste pauso» bat da norabide horretan. «Tourrari gauzak nola egiten ditugun erakusteko da». 2011n Vueltako etapa bat Bilbora iritsi zenean, antzeko argudioak erabili zituzten. Rementeriaren hitzetan, etapak 300.000 euroko inpaktua izango du Bizkaiko ostalaritzan. Aldundiak esana du informazio guztia eta esatariak elebitan egongo direla. Antolakuntzaren lehen afixetako asko, halere, gaztelania hutsean daude.

Oizerako bidea atzotik dago itxita, beraz, azken kilometroak zuzenean ikusi nahi dituenak oinez edo bizikletaz igo beharko du. Alde horretatik, aldarrikapenerako eguna ere izango da. Gure Esku Dago dinamikak errepidean erabakitze eskubidearen aldeko aldarria ikus dadila eskatu du. Ikusleak «herri bat garela» erakusten duten ikurrak ematera animatu dituzte. Euskadi-Murias taldeak, bestalde, elastiko berdeekin joateko eskatu du, «marea berdea» osatzeko.

Pintaketa dantza

Oiz itxita egon arren, egoera absurdoak izan ziren atzo errepideko pintaketekin. Goizean, zaleek eginiko asko zeuden, eta Munitibarko Sortuk jakinarazi zuen Goardia Zibileko kide batzuek Espainiako banderak margotu zituztela. Zale batzuek horiek baliatu zituzten gainean margotzeko eta This is not Spain (Hau ez da Espainia) idazteko. Arratsaldean, Bizkaiko Aldundiak langileak bidali zituen pintaketa asko estaltzera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna