«Erronka itzela dugu orain»

Nacho Nuñez GBCko presidentea pozik agertu da ACBk Gipuzkoako taldea onartu duelako

GBCko jokalariak ACB ligako garaipen bat ospatzen, 2019an. GORKA RUBIO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gaur-gaurkoz, Gipuzkoa Basketek ACB ligan jokatuko du datorren denboraldian. Ia bost hilabete tentsioz beterik pasatu eta gero, Donostiako taldeak lortu du bere helburua. Bartzelonako epaitegi baten autoak hala behartuta bidali diote talde gipuzkoarrari elkarteko kide izateko gonbidapena. Nacho Nuñez GBCko presidentea gustura da lortutako emaitzarekin: «Oso pozik gaude; bide onean goaz».

Taldea osatzeko erronka zaila du aurretik. Liga hasteko hilabete eskas falta dela, datorren denboraldirako kontratuarekin bi jokalari bakarrik ditu Delteco Gipuzkoa Basketek: «Orain, Xabi Oroz eta Jhonny Dee bakarrik ditugu taldean. Ia talde osoa fitxatu beharra daukagu».

Ligako klub ia gehienak ez daude gipuzkoarren leku berean, taldeak ixteko prest edo dagoeneko itxita baitauzkate. Nuñez haserre agertu da kluba utzi duten egoerarekin: «Oso posizio injustuan jarri gaituzte. Denboraldi normal batean, taldea ia osatuta izango genuen uztailaren 1erako, eta, oraintxe bertan, guk bi jokalari ditugu».

Aitortu du «sekulako lana» egin beharko dutela denbora gutxian taldea osatzeko, eta ez dio uko egin aste honetan bertan jokalariren bat sinatzeari: «Aste honetan fitxaketarik izatea ez dut baztertzen, baina hurrengo astetik aurrera izatea da normalena».

Aurreko denboraldiko taldeaosatu zuten jokalari gehienek beren lekua topatu dute jada datorren sasoirako. Gipuzkoa Basketeko presidenteari gustatuko litzaioke LEB ligan taldearekin aritutako jokalari batzuk fitxatzea: «Aurreko sasoian gurekin egon ziren jokalari batzuk berriz ere sinatzeko asmoa daukagu. Beste talde batekin sinatu dutenak baztertuta, noski. Libre jarraitzen dutenekin saiatuko gara».

Hurrengo denboraldiari begira «erronka itzela» dutela azpimarratu du. Ligan talde handi asko daude, eta seguru da ez dutela batere erraza izango horien aurka lehiatzea: «Oso denboraldi zaila izango da hurrengoa. Ligako aurrekonturik txikiena izango dugu seguruenik, eta, gainera, oso berandu goaz. Ilusioarekin eta lanarekin erantzuten saiatuko gara».

Argi izpia tunel amaieran

Ezustean iritsi zen Bartzelonako lehen instantziako 38. epaitegiko autoa. ACBren adierazpena, berriz, espero zuten: «ACBk argitaratutako komunikatu hori atera ez balu, epaitegi batek emandako epai baten kontra joango litzateke».

Beste bide guztiak agortuta, auzitara jotzea behartuta ikusi zuen bere burua GBCk: «Federazioarekin eta ACBrekin hitz eginez bukatu nahi genuen, baina gure B plana epaitegira jotzea zen, eta dena prest genuen». Bartzelonako epaitegiko autoak Gipuzkoako taldeari arrazoia ematen badio ere, Nuñez mesfidati da, ACBk haren adierazpeneko azken lerroan zehaztu baitu «kautelazko neurriei aurka egiteko eskubidea» duela: «Oraindik ere zuhur naiz, ACBk epaitegira jo dezakeelako, baina, oraintxe bertan, Endesa Ligako taldea gara».

Gipuzkoa Basketek ligako azken partida jokatu zuenetik, martxoaren 8tik, une oro Espainiako Saskibaloi Federazioaren «eskutik» joan da, baina ACBren eta Donostiako taldearen nahiek ez dute inongo momentutan bat egin. Liga osatzen duten hemezortzi taldeetatik bakarra agertu zen GBC ligan onartzearen alde. Bi instituzio horien —federazioa eta ACB —arteko bitartekaritza lanak Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak egin ditu, eta Nuñezez da pozik geratu hiru aldeen jokabidearekin: «Frustrazio handia eragin zidan egin zituzten bilera horietan ezer adostu ez izanak».

«Trabaz» beteriko bide luze horretan GBCk eginiko lana nabarmendu nahi izan du Nuñezek: «Klubak oso lan ona egin du bost hilabete hauetan. Oso pozik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.