Eta, bat-batean, gola

Aurrelari petoa ez den arren, golerako sen fina dauka Juan Villarrek. Zortzi ale sartu ditu orain arte, 119 minutuko bat. Gutxi sartzen da jokoan, baina espezialista da area barruan eta aireko jokaldietan.

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko urtarrilak 12
A zkenaldiko bolada ikusgarriari segida ematen saiatuko da gaur Osasuna, Las Palmasen zelaian (16:00, LaLiga 123 TV). Iragan jardunaldiko garaipenari esker, igotzeko kanporaketak jokatzeko postuetan sartu da sasoi honetan aurrenekoz, eta bertan finkatu nahi du orain. Ohi bezala, Juan Villar izango da (Cortegana, Espainia, 1988) nafarren arma nagusietako bat gaurko neurketan. Garesti ordaintzen den bertute bat dauka hegalekoak: golak sartzeko erraztasuna. Zortzi daramatza oraingoz, beste ezein taldekidek baino gehiago, eta iragan sasoiko taldeko golegile nagusiek adina. Xiscok eta David Rodriguezek zortzina gol egin zituzten, baina Villarrek lan erdietara iritsi aurretik berdindu du kopuru hori.

Gainera, haren zenbakiak are ikusgarriagoak dira jokatu dituen minutuen zenbatekoari erreparatuz gero. Erraz min hartzen duen jokalari bat da, eta, arazo fisikoen ondorioz, lau partida galdu zituen irailetik urrira bitarte. Hamalau lehia jokatu ditu orain arte, 951 minutu guztira. Horrek zera esan nahi du: 119 minutuko gol bat sartzen duela. Haren zortzi golek bederatzi puntu eman dizkiote Osasunari, eta guztira hemezortzi puntu lortzen lagundu diote. Ate aurrean asmatu izan duen orotan, Nafarroako taldeak puntu bat urratu du gutxienez. Villarrek bost gol egin ditu Sadarren jokatutako zazpi partidatan. Bestalde, baloia sareratu du Iruñetik at jokaturiko azken bi lehietan.

Gaur, zelai zail batean saiatuko da berriz ere gola sartzen. Etxean bost baino ez ditu jaso Las Palmasek, eta bere zaleen aurrean galdu ez duen talde bakarra da, Osasunarekin eta Deportivorekin batera. Nolanahi, Villar gai da defentsarik sendoenak ere zulatzeko. Gorpuzkera meharra eta hauskorra dauka, ez da bereziki azkarra, ez du driblinerako gaitasun handirik, eragin urria du jokoaren sormenean… Haatik, harrapakari sena pizten zaio aurkariaren area zapaltzean. Desagertu antzean ibiltzen da maiz, baina, gol aukera bat usaintzen duenean, beti dago behar den tokian, eta nekez barkatzen du. Labur esanda, intuizio handiko jokalaria da, eta erremate oso zehatza du; bai oinekin, baita buruarekin ere.

Hain zuzen ere, buruz egin ditu orain arte sarturiko golen erdiak. Oso garaia izan ez arren —180 zentimetro luze da—, jauzi indartsua du, eta aireko baloiak ehizatzeko aukera ematen dio horrek. Hainbat talderen arreta piztu du, baina Osasunak ez du saltzeko asmorik. Hiru sasoirako fitxatu zuen iazko udaran, Teneriferi 850.000 euro ordainduta. Uharteetako taldeak beste 300.000 euro jasoko lituzke Osasuna Lehen Mailara igoko balitz eta Villarrek minutuen %60 jokatuko balu. Egun, hiru milioi euroko etete klausula du.

Aurrelariak, kamuts

Hegalean sentitzen da erosoen. Bertan jokatuta, errazago harrapatzen ditu aurkariak oharkabean, diagonalean barneraldiak eginda. Aitzitik, Arrasatek puntaren puntan kokatu du norgehiagoka askotan, aurrelariak ez baitira maila ematen ari. Brandonek, Xiscok eta David Rodriguezek bi gol besterik ez dituzte egin hiruren artean. Egoera horretan, Villarrek hartu behar izan du ardura. Dena den, ez dago bakarrik zeregin horretan, emankor baitabiltza bigarren lerroko jokalariak. Ruben Garciak hiru gol daramatza, eta Roberto Torresek, sei. Osasunak lau partida irauli ditu orain arte, eta denetan Arrekoak egin du gol erabakigarria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna