Munduko Futbol Kopa

Lesioek ere ez dute eten

Belauneko bi lesio larriren ondorioz denbora luzez jokatu gabe egon eta gero, munduko eskuin hegaleko atzelaririk onenetakoa da egun Lucy Bronze ingelesa. Min hartuta egon zenean, pizzeria batean egin zuen lan.

Lucy Bronze baloi bat kontrolatzen egun hauetan egindako lan saio batean. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Partidako azken minutuan, lehenengoan bezala igotzen du hegala. Sekulako gaitasun fisikoa dauka, atleta hutsa da. Ez da sekula nekatzen». Phill Neville Ingalaterrako hautatzaileak hala definitu du Lucy Bronze ( Berwick-upon-Tweed, Ingalaterra, 1991). Selekzioko izarra da Olympique Lyoneko eskuin hegaleko atzelaria. Defentsan jokatu arren, haren joko ausarta eta zuzena Ingalaterraren arrisku emari agortezina da. Atzelari bat baino gehiago, aurrelari bat dirudi. Isila eta lotsatia da zelaitik kanpo; ez, ordea, berdegunean. «Txikitatik naiz horrela. Presio handiagoa sentitzen dut jendaurrean hitz egiten 50.000 ikusleren aurrean Txapeldunen Ligako final bat jokatzen baino. Zelaian hitz egitea gustatzen zait». Gaur, multzoko lehen postua izango du jokoan Ingalaterrak Japoniaren kontra.

Bronzen jarduna ikusita, nekez imajina daiteke duela urte batzuk bizi izan zuen gurutzebidea. 18 eta 23 urteen artean lau ebakuntza zizkioten belaunetan, bi bakoitzean. Horregatik, bi sasoi eman zituen ia jokatu gabe, eta urtebetez makuluekin ibili behar izan zuen. Haren kirol ibilbidea airean zegoen. «Gogorrena ez zen izan hainbeste ebakuntza jasan behar izatea, edo ez jokatzea, baizik eta bakarrik sentitzea. Nire ama baino ez nuen izan alboan. Inork ez zuen sinesten osatuko nintzenik, eta alde batera utzi ninduten: klubak, selekzioak... Zorionez, hori aldatu egin da orain, eta emakumeen futbola profesionalizatuz doa».

Ez etsitzearen saria

Egoera ikusita, argi izan zuen: «Banekien osatzeko neronek egin beharko nuela guztia, bai fisikoki, baita mentalki ere. Ez nuen laguntzarik izan». Garai zailak ziren: «Serioski pentsatu zuen futbola uztea». Ikasten zegoen, eta pizzeria batean hasi zen lanean. «Denetik egin nuen: eskariak jaso, pizzen osagaiak prestatu eta moztu, kozinatu. Oso gustura egin nuen lan, zoriontsu izan nintzen. Lankide apartak nituen, eta oinak lurrean izaten ikasi nuen esperientzia hari esker».

Arratsaldetan, lanera joan aurretik, osatzeko lana egitera joan ohi zen. «Orduak ematen nituen gimnasioan, bakarrik, inorekin hitz egin gabe. Lotsatia izateak lagundu zidan egoera hori hobeto eramaten. Futbola utzi behar banuen, osatzeko ahalegin guztiak egin eta gero uztea nahi nuen». Izan ere, asko kostatu zitzaion futbolari izatea. «Ez nuen etsi nahi. 11 urtera bitarte ezin izan nintzen jokatzen hasi, ez zegoelako talde mistorik nire herrian». Orduan, Sunderlandekin entrenatzen hasi zen. «Aitak eramaten ninduen. Astean hirutan, ordu eta erdi egin behar izaten genuen autoan ni entrenatzera joateko».

Lesioak atzean utzi, eta gorakada hasi zen. 2014an, Ingalaterrako jokalaririk onena izendatu zuten, eta tituluak pilatzen hasi zen. Liverpoolekin bi liga irabazi zituen —2013an eta 2014an—; Manchester Cityrekin Liga bat Kopa bat —2016an— eta FA WSL kopa bat —2017an—. Itzuliko ez zela pentsatzen zutenak zur eta lur utzi zituen Bronzek, zuen abiadurarekin, joko zuzenarekin eta aurkariei izkin egiteko gaitasunarekin. Horrek Europako talderik indartsuenaren interesa sortu zuen, Olympique Lyonena.

2017an fitxatu zuen. Bigarren denboraldia du han, eta jada bi liga, bi Txapeldunen Liga eta Frantziako Kopa bat irabazi ditu.«Hemen dena daukat. Min hartuta egon nintzen garaiak gogoratzen ditudanean, alfer bat naizen sentipena dukat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.