«Konfiantza da gakoa»

Osasuna bolada txarra eteten saiatuko da gaur Elxen zelaian. Javier Flaño bi taldeetan aritua da da, eta uste du «oso partida orekatua» izango dela.

Osasunako Calleri,Vila-realeko jokalariak atzean utzi nahian, larunbateko partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gabonen atarira ataka zailean iritsi da Osasuna. Azkena da sailkapenean, eta astetik astera, geroz eta zalantza gehiago ari da pizten. Galdu egin ditu azken lau partidak, eta jada zazpi jardunaldi daramatza irabazi gabe. Martxa honetan, turroien gozoa ere ez da aski izango gorritxoen aho zaporea eztitzeko. Edonola, egoerak beste itxura bat hartuko luke gaur Elxen zelaitik hiru punturekin aterako balira (17:30, La liga). Urteko azken-aurreko neurketa izango da, eta Nafarroako taldeak zirt edo zart egin behar du.

Partida ikusminez dakusa Javier Flañok (Iruñea, Nafarroa, 1984), bere bi talde ohi egongo baitira aurrez aurre. Elxen bi sasoi eman zituen; Osasunan, berriz, zortzi. Harena izan zen Sabadellen zelaian gorritxoak galbidetik libratu zuen gola. Taldea askoz ere osasuntsuago dago gaur egun, baina okerreko bidea hartu du azken bi hilabeteetan. Flañoren ustez, «konfiantza» kontua da. «Emaitza txarrak kateatzean, konfiantza galduz joaten zara, eta geroz eta zailagoa izaten da duzun onena ematea. Gurpil zoro batean sartzen zara azkenean». Irtenbidea, beraz, «aldartea altxatzea» da, eta horretarako, ez dago garaipena bezalakorik. «Partida bakarra irabaztea aski izango litzateke gauzak oso bestela ikusteko».

Horretarako aukera onak izan ditu Osasunak azken asteetan, baina kale egin du. Konfiantzaz gain, argitasuna ere falta izan zaio. Jokalariek ez dute jakin Arrasatek ezarritako estilo berrira moldatzen. «Baliteke jokamolde aldaketak ere zerikusia izatea taldearen bolada txarrean. Modu zuzenagoan egiten du eraso, eta ziurrenik, orain aurreikusten errazagoa da. Azken bi sasoietan bide gehiago zituen aurkariei min egiteko». Esaterako, kamutsago ikusten ditu orain hegalak. «Taldeak asko sortzen zuen kanpotik, atzeko hegalekoak oso sakonak baitziren. Ordea, taldea kamutsago dabil orain».

Eta hauskorrago ere bai, golak erruz ari baita jasotzen: hamazazpi egin dizkiote azken zazpi lehietan. Nolanahi ere, Flañok ez du uste errua jokalari jakin batzuek dutenik. «Talde bat gaizki dabilenean, ez da jokalari baten edo biren errua, denena baizik. Txipa aldatu beharra dago, eta alternatibak bilatu. Dagoenarekin egin behar da aurrera».

Fedea du Arrasaterengan

Taldea, ordea, atzerapausoak bata bestearen atzetik ari da ematen azkenaldian. Hala jarraituz gero, kolokan egon daiteke Arrasateren etorkizuna? «Futbolean emaitzek agintzen dute, baina Jagobak sinesgarritasun osoa irabazi du azken denboraldietan. Bere lan egiteko era bat dator klubaren filosofiarekin, eta oso ondo daki zer den Osasuna. Lasaitasunez lan egiteko tartea eman behar zaio». Gauzak hala, baikorra da Flaño aurrera begira. «Oso talde ona du Osasunak, eta sinetsita nago berandu gabe itzuliko dela bide onera, batuta iraunez gero».

Gaur bertan bada, hobe, eta berdin dio zein modutan. «Oso zaila da dinamika ezkor batean zaudenean partida borobil bat jokatzea. Orain, irabaztea da inporta duena». Elx, berriz, «sendo eta lehiakor» ikusten du. «Zalantzak eragin zizkidaten udaran egindako aldaketa guztiek, baina taldea ondo egokitu da Lehen Mailara. Oso partida orekatua izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.